Durangoko gobernu taldeak adinekoentzako zentroa egin gura du Saibi kaleko eraikinean

E.H. 2025eko abenduaren 10a

Horretarako, partaidetza prozesu bat hasi gura dute adinekoentzako zentro baten ezaugarriak "definitzeko". Gobernu taldeak "gura bako bakardadeari" aurre egiteko asmoa duela iragarri du. 

Durangoko gobernu taldeak 2026rako aurrekontu-proposamena aurkeztu du. Udalak 45,3 milioi euro izango ditu datorren urtea kudeatzeko, aurtengo kopurua baino % 5,55 gehiago, eta gobernu taldearen ardatz nagusietako bat Saibi kaleko eraikinean, Udal Euskaltegia izandakoan, adinekoentzako zentro berri bat sortzen hastea izango da: plazaratu duten proposamenaren arabera, milioi bat euroko inbertsioa egin gura dute dute datorren urtean, partaidetza prozesu baten bitartez zentro berri bat "definitzeko". Proiektu horrekin, "gura bako bakardadeari" aurre egiteko asmoa duela esan du Udalak.

Aurrekontu-proposameneko beste atal esanguratsu bat kirol arlokoa da. Gobernu taldeak 5,27 milioi euroko inbertsioa egin gura du kirolean, eta udalerriko kirol instalazioak berritzeko asmoa iragarri du: Tabirako instalazio berriak eraikitzeaz gainera, biltegiak, erabilera anitzeko kantxak, fitness gela eta tenis pistak atondu gura dituzte. Arlo sozialean, aurrekontua % 17,7 handitzea proposatu dute, eta Geu Be eta Herria auzo elkarteen hitzarmenak "indartu" gura dituzte, besteak beste. Mugikortasunari dagokionez, gobernu taldeak milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin gura du udalerriko bizikleta sarea zabaltzeko eta aparkaleku berriak sortzeko. Jasangarritasunaren arloan, parkeetara eta lorategietara bideraturiko dirua handitu gura dute (+% 22), eta ekonomian, % 27 igo gura dituzte ekintzailetzarako laguntzak, merkatu berrirako proiektuak eta Landako Guneko inbertsioak. 

Durangoko udal gobernuak bere proposamena aurkeztuta, osoko bilkurako alderdi guztiek eztabaidatzea izango da hurrengo pausoa.

ESANAK:

  • Mireia Elkoroiribe (Durangoko alkatea): "2026ko aurrekontuak etapa berri baten hasiera adierazten du, eta orain egindako lanaren emaitzak ikusteko aukera izango dugu. Proiektu estrategikoak sendotuko dira, zerbitzu publikoak indartuko dira, eta inbertsioak jarriko dira martxan, durangarren bizi-kalitatean eragin zuzena izango dutenak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!