Durangoko EH Bilduk zuzenketak aurkeztu dizkio gobernu taldearen aurrekontu proposamenari

E.H. 2026ko otsailaren 12a

Durangoko EH Bilduk etxebizitzari lotutako proposamena aurkeztu zuen joan zen urrian. ARTXIBOA

Koalizio subiranistak "durangarren bizi kalitatea hobetzeko" proposamen-sorta egin du, eta 3,9 milioi eurotan kuantifikatu. Ideien artean, udalaren eskumeneko etxebizitza parkea handitzea, zaintza diagnostikoa egitea eta Ezkurdiko pilotalekuko aldagelak berritzea daude. 

Durangoko EH Bilduk zuzenketak aurkeztu dizkio gobernu taldearen aurrekontu proiektuari. Inbertsio zehatzak proposatu dituzte "gaur egun Durangok dituen erronka handienei erantzuteko: zaintza, etxebizitza, krisi klimatikoa eta kirola", eta 3,9 milioi euroan kuantifikatu dute proposamena. Subiranistek argudiatu dute udalaren errealitate ekonomikoa "ona" dela, diru-sarrerek gora egin dutela, gerakina "handia" dela, eta horrenbestez, pareko "erronkei heltzeko garaia" dela. 

Proposamen sortako ildoetako bat etxebizitza da. EH Bilduk udalaren jabetzeko etxebizitza parkea handitzea proposatu du, "formula kooperatiboen eta erabilera lagapenaren aldeko apustua" oinarri. 2 milioi euro bideratu nahiko lituzke horretara. Era berean, etxebizitza hutsak atera gura ditu alokairu merkatura (80.000 euro), San Agustingo ospitale zaharra egokitutako etxebizitza bihurtzeko proiektua egin gura du (50.000 euro), baita Udal Etxebizitza Bulegoa sortu ere (80.000 euro).

Krisi klimatikoaren atalean, EH Bilduk 735.000 euro bideratu gura ditu Taduko aparkalekuan eguzki plakak ipintzera, bizikletentzako aparkaleku estaliak ipintzera eta aterpe klimatikoak sortzera. Kirol arloan, Ezkurdiko pilotalekuko aldagelak berritzea (100.000 euro) eta Landako II kiroldegiko aldagelak hobetzea proposatu dute (beste 100.000 euro). Halaber, 285.000 erabili gura dituzte zainketen diagnostiko xehatua, horren ekintza plana eta Otamotzenan komun publiko bat egiteko.

Aurreko guztiez gainera, Durangoko EH Bilduk "ezinbestekotzat" jo du jada onartuta dauden proiektuak betetzea. Kapitanena, Antso Estegiz, ortu ludikoak, energia komunitatea eta aurreko ekitaldietako parte hartze bidezko proiektuak kokatu dituzte horien artean. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!