Herriaren Eskubideak 180.000 euro bideratu gura ditu psikobonuak adin guztietara zabaltzeko, eta beste 100.000 ero umeen garapenerako tratamenduen estaldura handitzeko (logopedia, psikomotrizitatea, laguntza pedagogikoa, eta abar), "familia horien egoera ekonomikoa edozein dela ere". Halaber, 100.000 euroko partida sortzea proposatu dute udalerriko hainbat parketan umeentzako txintxaun egokituak ipintzeko.
Kirolari eta espazio publikoei dagokionez, Arripausuetako belarra berritzea (250.000 euro), pump track pista sortzea (49.000) eta Otamotzeneko parkearen zati bat estaltzea (245.000) proposatu dute. Ingurumenaren atalean, berriz, 100.000 euro inbertitu gura dituzte airearen kalitatearen udal sarea instalatzeko. Herritarrek "arnasari buruzko informazio zehatza izateko eskubidea" dutela aldarrikatu du Varelak. Era berean, goragune adimendunak ipini gura dituzte ikastetxe inguruetako errepideetan, ibilgailuen abiadura gutxitzeko.
Herriaren Eskubideak planteaturiko beste proposamen bat postetxe zaharra berreskuratzea da. 200.000 euro erabili gura dituzte bertan gizarte etxea atontzeko. Alde Zaharrak topaketatarako, eztabaidatarako herritarren partaidetzarako guneak behar dituela aldarrikatu dute.
Elkartegia erosteko proposamena
Horiez gainera, talde independenteak beste proposamen bi aurkeztu ditu aurrekontuetatik kanpo egiteko. Elkartegia erostea da horietariko bat (1,6 milioi euro) eta Tabirako proiektua, kirol instalazio berriei dagokiena, aldatzea. Azken horretan kirol kantxa bi eraiki gura dituzte, "beharrezkoak baitira ditugun behar guztiei zerbitzua emateko". "Gobernuari eta alderdi politiko guztiei eskatzen diegu proposamen horiek estrategia alderdikoietatik haratago aztertzea. Durangok elkarrekin lan eginez behar gaitu, ongizate komuna lehenetsiz", esan du Varelak.