"Edozein aitzakia da ona lagun zaharrekin batzeko"

Ekaitz Herrera 2025eko azaroaren 14a

Xabi Bisquert, Alazne Lejarazu, Jon Irasuegi, Vanessa Beraza eta Mikel Aranguren, Gran Hotelaren aurrean.

Zapatua laguntasuna eta nostalgia ospatzeko eguna izango da Durangoko hainbat herritarrentzat. 1986an jaio ziren askorentzat, behintzat, bai, kintoen eguna ospatuko dute eta. ANBOTO jaira batuko diren kide batzuekin elkartu da Gran Hotelean. 

Txernobylgo zentral nuklearrak eztanda egin zuen urtea izan zen, Xebastian Lizaso bertsolariak Euskal Herriko txapela jantzi zuenekoa eta Eusko Alkartasuna EAJtik banandu zenekoa. ETBk euskaraz bakarrik berba egiteari utzi zion urtea izan zen. Zalantzarik barik, 1986 emankorra bezain korapilatsua izan zen eta zurrunbilo haren erdian jaio ziren asteburu honetan kintoak ospatuko dituzten bost lagun hauek: Xabi Bisquert, Alazne Lejarazu, Jon Irasuegi, Vanessa Beraza eta Mikel Aranguren. Eurak eta beste 70 lagun Durangoko kaleetan batuko dira 1986an jaio zirela ospatzeko. "Momentu polita izango da, denok batzeko balioko duena", esan du Berazak, eta Irasuegik berretsi egin du: "Gutariko batzuok elkar ikusten dugun arren, beste askoren berririk ez dugu. Beraz, polita izango da aspaldiko lagunen berri izatea". Ikastetxe desberdinetan ibilitakoak dira bostak, baina bat datoz zapatukoa oroitzapen onak gogoratzeko eguna izango dela esatean. "Nik eskolako oso oroitzapen onak ditut, eta gaur egun, nire seme-alaba biei eskerrak, gauza mordoa datorkit akordura", esan du Lejarazuk. "Izan ere, Euskaraokearen, tactel txandalen, Art oinetakoen, Dragoi Bolaren, eta Messenger erabiltzen genuenen belaunaldikoak gara", gaineratu du Arangurenek. "E! Eta zelan ahaztu Txori, gure lehenengo dantzalekua!", gaineratu du Berazak. 

Eta garai zaharrak gogoratzeko eguna behar den moduan irten dadin, bazkalaurrean egin dute hitzordua, 13:00etan, Durangoko Zero tabernan. Zapiak banatuko dituzte han; gero, poteoa. Bazkaria Gran Hotelean izango dute, eta baita geroko dantzaldia ere, Sergio Torrado musika jartzaile durangarra lagun. Txorisororik barik, baina Txorisoron legez, "nekatu arte". Izan ere, Berazaren berbetan "edozein aitzakia da ona aspaldiko lagunekin batzeko". Eta zergaitik ez, baita kinto egunetan ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!