LANUZTEAK PALESTINAREN ALDE

[ARGAZKI GALERIA] Israeli boikota egitera deitu du ELA sindikatuak Durangoko elkarretaratzean

Joseba Derteano 2025ko urr. 15a, 13:21

Palestinari elkartasuna erakutsi diote bertaratutakoek.

ELA sindikatuak deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko kontzentratu dira gaur Durangoko Ezkurdi plazan. "Israel boikot, Palestina askatu" eta "Israel genozida, Palestina askatu" lako leloak entzun ahal izan dira. Bertaratu diren askok 67.194 zenbakia gorriz pintatuta zuen orriari eusten zioten, horixe baita Israeli Gazako sarraskian leporatzen zaion hildako kopurua.

Durangon ez ezik hiriburuetan eta beste hainbat herritan egin dituzte elkarretaratzeak, hala nola, Gernikan, Eibarren eta Zarautzen. Mitxel Lakunza ELAko idazkari nagusiak mobilizazio hauen arrazoietan sakondu du Bilbon. Batetik, Israeli boikota egitera deitu du: "Ezin zaio ezer erosi edo saldu Israeli". Horrekin batera, "apartheid sionistaren" amaiera eskatu du. "Trumpen Plana Palestinaren okupazioaren jarraipena bermatzeko plana da. Ez da nahikoa etenaldi bat lortzea palestinarrak hil ez ditzaten; aitzitik, okupazioaren amaiera eta Israelgo apartheid erregimenaren gaitzespena eta Palestinari herri aske gisa existitzea eragozten dion edozein politika exijitu behar dira ", gaineratu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!