Seguruenik, 40 Minutu Rock jaialdia izango da urtero-urtero Durangon euskal presoen eta iheslarien eskubideen alde antolatzen den jaialdirik handiena, eta aurtengo edizioak ere ez du hutsik egingo. Zapatu honetan, goizeko lehenengo orduetatik gaueko ordu txikiak arte, elkartasunez bezainbeste dezibelioz beteko dira Landako Guneko hormak. 10:30etik aurrera, dozena bat talde baino gehiago taularatuko dira hango oholtza bietan, bertaraturikoak dantzan ipintzeko zein euskal presoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Talde nagusiak honako hauek izango dira: Nakar, Anestesia, Süne, Tatta & Denso, Toc, Añube, La Txama, Pinpilinpussies, Dupla, Kaleko Urdangak, Chulería Joder eta Sukena. Horiez gainera, honako musika talde hauek arituko dira giroa berotzen, Landako Gunearen kanpoaldeko karpa txikian: Pelma & Luis selektorrak, Fito Skins, Maruxak, Ganibeta eta DJ Pezon. Antolatzaileek adierazi dutenez, euskal presoen eta iheslarien egoerak "hobera" egin du azken urteotan, baina hemendik aurrerako "kaleratze prozesuak eta etxeratzeak ahalik eta duinenak" izan daitezen, beharrezkotzat jo dute gizartea "aktibatzen jarraitzea". "Egoera aldatu den arren, kalean egoten jarraitu behar dugu, aldarrikapenak egiten, baita 40 Minutu Rocken ere", adierazi dute.
Ekitaldirako sarrerak eskuragarri daude oraindino. 40 Minutu Rock ekitaldiaren sare sozialetan eskuratu daitezke txartelok, baita egunean bertan ere, txaterdelgietan. Bestalde, Euskotrenek honako informazio praktiko hau zabaldu du: zapatu goizean eta gauean tren zerbitzu gehigarriak egongo dira Durangorako.
Fermin Muguruzaren bisita
Zapatuko jardunaldiak bero-bero hasiko du eguna, Fermin Muguruzak kontzertua Durangon eman eta egun bira. Izan ere, musikari irundarrak bere aletxoa ipini gura izan du jaialdiagaz elkarlanean, Plateruenean emanaldia eginda.