"Jaialdira datorrenak bere elkartasun aletxoa ipiniko du"

Anboto 2025ko urt. 27a, 08:32

40 Minutu Rock motorrak berotzen hasi da otsailaren 15erako egun osoko egitaraua antolatzeko. Elkartasun jaialdiak badu aldarrikapenetik, eta baita elkartasunetik ere. Presoen egoerak aurrerapausoak eman dituen arren, Maixa Villanuevak eta Anes Baños antolatzaileek azpimarratu dute oraindino ere badagoela bidea egiteko.

Hilabete eskas falta da. Zelan doa antolaketa?
Maixa Villanueva: Azken txanpan sartuta gaude, azkenengo prestaketa lanekin. Txandak antolatzen eta horrelakoetan gabiltza.
Anes Baños: Kanpora begirako lanak eginda ditugu, eta orain barne antolakuntzako lanetan gabiltza batez ere.

Kanpotik ezagutzen dugu, baina barrutik zenbat jende zabiltzate lanean?
A.B.: 50 bat lagun gabiltza lantaldeetan. Eszenatokia, komunikazioa, elektrizitatea, barrak, sukaldea, kamerinoak, segurtasuna, azpiegitura, talde feminista eta diruzaintza dira taldeak. Baina egunean bertan 600 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute antolakuntzan. Kontuan izan 10:00etan hasi eta 03:00era arte txanda asko bete behar dela.
M.V.: Jende askok ezin du konpromiso hori hartu urte osoan zehar, baina egunean bertan bai. Muntaia egunetan asko igotzen da jende kopurua.

Zenbatgarren edizioa izango da?
M.V.: Aurten 9. aldia izango da. Pandemia sasoian, urte bitan ez zen antolatu. Beraz, datorren urtean 10. aldia izango da. Aurreratu dezakegu datorren urtekoa berezia izango dela.

40 Minutu Rock zergaitik da inportantea?
A.B.: Elkartasun jaialdi bat da eta urterik urte momentuko egoerari erantzun dio. Presoen egoera azken urteotan asko aldatu da. Dispertsioa amaitu da eta azken hileetan geroago eta preso gehiago dago kalea zapaltzen gradu progresioak izan direlako edo artikulu zehatz batzuk aplikatu zaizkielako. Kaleratze prozesu hori gertatzen dabilen arren, gizartearen erantzuna eta babesa beharrezkoak dira prozesu horretan etxeratzeak ahalik eta duinenak izan daitezen. Irten badira, herria borrokatu delako izan da, baina aktibazio horretan jarraitu behar dugu, falta direnak etxeratzeko eta etxeratze horiek ahalik eta duinenak izateko.
M.V.: Beharrizan horiek ez dira gutxitu, aldatu baino. Eszenatokia aldatu den arren, kalean egoten jarraitu behar dugu, aldarrikapenak egiten, baita 40 Minutu Rocken ere.
A.B.: Oraindino asko dira hain etorkizun optimista ez duten presoak. Era berean, Frantzian betetako kondenen kontaketa aplikatzen denean beste testuingu batean egongo gara.

Egitarauari dagokionez, zelan erabakitzen da musika taldeen zerrenda?
A.B.: Ez da erraza. Nahiko goiz hasten gara taldeen zerrenda zehazten. Ahalegintzen gara talde handiez gainera Durangaldeko taldeei euren lekua egiten. Gainera, musika estiloetan oreka bati eusteko apustua egiten dugu.

Zalantzan dagoena zergaitik etorri beharko litzateke Minutu Rockera?
A.B.: Aurretik azaldu dugun problematika horren aurrean, hau ez da musika jaialdi bat bakarrik. Horregaitik, jendea etortzera animatu gura dugu.
M.V.: Kontzertuez gozatzeaz gainera, jaialdira datorrenak bere aletxoa ipintzen du aktibazioan eta elkartasunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!