Familiako laugarren belaunaldia zara dendan. Zein bilakaera izan duzue historian zehar familiako belaunaldien artean?
Gure amama, aitaren ama, umezurtz geratu zen lau urtegaz, eta Silleroko dendariek familian hartu zuten, zaintzan. Horrenbestez, familia hura izan zen lehenengo belaunaldia. Gero, amama ezkondu zenean, bigarren belaunaldia etorri zen. Handik gutxira izekok hartu zuen dendaren ardura, eta nik, azkenik, laugarren belaunaldiagaz.
Sillero beti egon da leku honetan?
Ez. Kanpantorrosteta kalean 25 urte daramatzagu. Lehenago, denda Andra Maria kalean egon zen, egungo Errekamendi eta Zubizarreta denden inguru horretan. Etxe hura aitita-amamena zen, baina sits arazoak zirela-eta eraikina bota behar izan zuten. Izekok hona lekualdatu zuen denda.
Zerk bultzatu zintuen dendaren ardura hartzera?
Batxilergo teknologikoa ikasi nuen eta mantentze-lanetan hasi nintzen enpresetan. Baina, 2008ko krisialdiagaz, beharrik barik geratu nintzen. Zer egin ez nekiela, aitak komentatu zidan ea zergaitik ez nuen zapatagintza ikasten, familian negozio hau genuela eta. Ideia ona iruditu zitzaidan. Beraz, uda batean Valentziako Elda hirira joan nintzen ikasketak egitera, zapatagintzaren hiriburura. Handik gutxira, dendatxo bat zabaldu nuen Elorrioko Erreka kalean. Bost urte egin nituen han, harik eta izekok Durangoko Silleron erretiroa hartu eta dendaren ardura nik hartzea proposatu zidan arte.
Erabakiagaz damutu zara?
Ez, ez. Lan guztietan daude kezkak eta ardurak, hemen ere bai. Edozelan ere, denda zure familiakoa izateak badu zeozer erakargarria. Oso pozik nago erabakiagaz.
Tradizio handiko familia-negozioa izateak eragiten dizu presiorik?
Dendaren izena mantentzea eta Internet garai hauetan negozioari eustea eguneroko erronka da, eta, horrenbestez, beti dago presio moduko bat. Ez asko, baina beti duzu buruan. Zer egin horri aurre egiteko? Oso produktu onak ekarri, material onekoak, eta oso prezio onean.
Izan ere, zelan eragin dizuete kontsumo ohitura berriek? Online salmentek gora egiten jarraitzen dute.
Gustuko duguna segituan gura izaten dugu, eta bide hori denok hartzen badugu, herriak husten amaituko dugu. Hemen, oraingoz, bagabiltza eusten. Zazpi urte daramatzat hemen, eta, zorionez, diru kopuruak berdintsuak dira urtetik urtera. Neu ere sartzen naiz Interneten oinetakoen prezioak ikusteko, eta egia esango dizut: oinetako berdin-berdinak merkeago topatuko dituzu hemen.