Zein da une honetan komertzioaren egoera Durangaldean?
Kaleetan aurkitzen ditugun negozio motak aldatzen dabiltza, eta gaur egun zerbitzuetara eta aisialdira bideratuta daude batez ere, komertzioa orain arte ezagutu dugun moduan baino gehiago. Horregaitik, merkataritzan bakarrik aritzen diren establezimenduak apur bat jaitsi dira, eta gora egin dute ostatuek, ostalaritzak eta zerbitzuek. Bestalde, elikadura espezializatua, hala nola harategiak, arrandegiak, okindegiak eta gozotegiak, eta arropa, oinetako eta etxeko dendak geroago eta gutxiago dira, eta fruta dendak, jatetxeak, ile-apaindegiak eta estetika zentroak igotzen ari dira.
Antzeko egoera bizi dute Durangaldeko beste herrietan?
Egoera antzekoa da Durangon eta Durangaldean, baina Durangon telekomunikazio- edo telefonia-establezimenduen gorakada nabarmentzekoa da. Merkataritzaren kontzeptua espezializaziorantz eta zerbitizaziorantz eboluzionatzen dabilela ikusten dugu; hau da, produktu bereziagoak edo desberdinagoak saltzen dira, eta komertzialaren zerbitzu osagarriak eskaintzen dira lokaletan: tailerrak, prestakuntza...
Azken urteetan zein bilakaera izan du? Zein komertzio mota itxi eta zabaldu dira?
Azken 15 urteetan, jaitsierarik handienak elikadura- eta etxe-establezimenduenak izan dira, hain zuzen ere merkataritza gune handietan gehien indartu diren sektoreak; beraz, badirudi argi dagoela zein izan den tokiko merkataritzaren arazo nagusia. Orain, Internet merkataritza sektore guztietan eragiten dabil, eta arropa eta elektronika dendak dabiltza igartzen gehien.
Sareko erosketek zein eragin izan dute komertzioan?
Internet bidezko erosketen sektorerik kaltetuenak moda eta elektronika dira.
Komertzioek jakin dute berrasmatzen?
Negozio bat kudeatzeak egunik egun eraldatzen ibiltzea eskatzen du, eta bakoitzak bere erara egiten du, ez zaio digitalizazioari bakarrik garrantzia eman behar. Kontzeptu horren barruan ere, egokitzeko modua desberdina izan daiteke. Gatx da tokiko saltoki batek web orri edo plataforma baten bitartez saltzea, eta hori behin eta berriro esaten zen orain urte batzuk. Egiaztatuta dago, bakoitzaren ezaugarrien arabera, batzuei hobeto funtzionatzen diotela sare sozialetan egoteak edo WhatsApp bidez saltzeak, inbertsio eta konplikazio gehiagorik barik. Ez dago denda guztientzako "errezeta" bakarra. Hala ere, horrek salmenta fisikoaren osagarria izan behar du, salmenta puntuaren garrantzia ahaztu barik. Era berean, elkarte lez, kontsumitzaileari balio erantsia ematen dioten tresnak establezimenduen eskura ipintzeko lan egiten dugu: etxerik etxeko banaketa zerbitzua, edozein ordutan eskaerak jasotzeko leihatilak, sare sozialetako edo AA prestakuntza, Durango Txartela fidelizazio tresna...
Tokiko komertzioek zein balio erantsi eskaintzen dute?
Tokiko saltokiek hurbiltasuna, tratu pertsonalizatua eta zerbitzua eskaintzen dituzte, eta baita prezio ona ere kasu askotan. Gainera, Durangok kalitate handiko merkataritza izan du beti, eta negozio kopuruagaitik beti aurkitu dezakezu bilatzen duzuna. Herri lez, hemen bigarren saltoki bat zabaltzea erabakitzen duten negozioentzat erakargarria da. Ostalaritzari dagokionez, eskaintza geroago eta handiagoa da: hanburgesak, sushiak, sandwich korearrak, mexikarrak, gosariak eta brunchak..., eta horiek guztiak lokaletik kanpora eramateko egokituta daude. Gainera, geroago eta lokal gehiago dago eramateko janaria saltzeko bakarrik. Eskaintza tradizionalagoa ahaztu barik: eguneko menuak, plater konbinatuak eta ogitartekoak.
Zelan joan da Gabonetako kanpaina?
Gabonetako kanpaina ontzat jotzen dugu. Merkatariak pozik daude Gabonetako kanpainagaz, kanpaina hori aspaldi bezain garrantzitsua ez bada ere. Salmentak gehiago banatzen dira urtean zehar. Eta 2024ko balantzeari dagokionez, sektore mota bakoitzaren araberakoa da, baina orokorrean urte egonkorra izan da salmentei dagokienez, hainbat urtez igoera eta jaitsiera askokoa izan ondoren, egoera desberdinek eraginda.
Badago komertzioetan belaunaldi aldaketa bat? Zeintzuk dira erronkak?
Erronka nagusia lehenengo hiru urteei zabalik eustea da, horiek direlako negozioa errentagarria den ala ez jakiteko gakoa. Eta, udalerri lez, negozio errentagarriak ez ixtea eta belaunaldi berriek horiek hartzea da erronka. Merkatari horiek profil trebatuagoa eta digitalagoa dute, eta horrek negozioaren kudeaketa errazten du, baita ingurune digitalarena eta sare sozialena ere. Hala ere, hori merkatariaren profilaren araberakoa da, eta ezin da orokortu, baina denda fisiko bat zabaltzen denean salmenta fisikoak du garrantzia, eta sare sozialetan presentzia izatea gomendatzen bada ere, salmenta puntua ez da alde batera utzi behar.