Zelan ikasten da ofizioa?
Lehen, seme-alabek gurasoengandik ikasten zuten; gaur egun badaude eskolak. Hala ere, eginez ikasten diren lanak dira. Ni, tailerrean baino gehiago, negozioa kudeatzen aritzen naiz.
Zelan hartu zenuen negozioa hartzeko erabakia?
Aita itsu geratzen hasi zen. Orduan, baten bat hartzeko momentua heldu zen, berak ez zuelako bere burua horretarako gauza ikusten. Nire ahizpa ikasten zebilen eta niri egokitu zitzaidan laguntzera etortzea. Bosgarren belaunaldia naiz.
Zuretzat zer da Mancisidor?
Gauza asko. Belaunaldirik belaunaldi jaso dudan asko hemen dago, ona eta txarra. Presioa batzuetan, baina baita aberastasun handia ere ikasketa eta esperientzia aldetik. Bestalde, asko lotzen zaitu Durangora eta herriaren historiara. Zornotzan hazitakoa izanda, horixe nabarmenduko nuke. 25 urte daramatzat jendaurrean lan egiten eta jende asko ezagutzen dut. Ni ere askok ezagutzen naute. Hor sortzen den sarea oso polita da niretzat.
Zelan aldatu da kontsumoa?
Kontsumoa eta gure lan egiteko modua aldatu egin dira. Lehen, ez geneukan bisuteria edo zilarrik. Urrezko bitxiak edo erlojuak zeuden. Beraz, eskaintza ere aldatu egin da. Hala ere, berriro bueltatzen ari da iraungo duen pieza bat erosi gura duen jendea. Kontsumismoa hortxe dago, baina beste kontsumo mota bat bere lekua egiten dabil. Mutur batetik bestera pasatu ginen, eta orain oreka bat igartzen dugu.
Gabonetako kanpaina pasatuta, orain zein da joera?
Orain urte batzuk, urre zuria ipini zen modan, eta orain gorria batez ere. Perlak ere indarragaz sartu dira berriro, urte batzuetan baxuago egon eta gero. Era berean, azken urteetan oso pieza txikiak ziren eta orain handiagoak aukeratzen dira.
Mancisidorrek izango du belaunaldi berririk?
Nire umeak txikiak dira aukeratzeko. Baina hala bada, eurek aukeratu dutelako izango da, ez presioagaitik. Hori argi dut.