Durangok 42,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2025ean

Anboto 2024ko abe. 18a, 22:16

PPren abstentzioari esker eta Mireia Elkoroiribe alkatearen kalitatezko botoagaz onartu du udalbatzarrak datorren urteko aurrekontua, gaur. Herriaren Eskubideak eta EH Bilduk kontra bozkatu dute

Aurreikusita zegoen bezala, gobernu taldeak aurrera atera ditu 2025ko aurrekontuak Durangon. PPren abstentzioari esker, eta Mireia Elkoroiribe alkateak kalitatezko botoa baliatu ondoren, 42,9 millioiko kontu "orekatua eta bideragarria" izango dute, EAJko Josune Escotaren berbetan. "Pertsonak erdigunean jartzen dituen aurrekontu sozialak dira; zorrotzak, baina onuragarriak". Jesica Ruiz sozialistak bat egin du horregaz. "Arlo guztietan igo da aurrekontua, gastuen igoerak tarte gutxi utzi arren", zehaztu duenez. "Negoziatutako" kontuak izan direla gaineratu du. 

Gobernu Taldeak PPgaz egin du akordioa. Carlos Garcia zinegotziak azpimarratu du datozen bi urteetan zerga eta tasak ez igotzeko konpromisoa adostu dutela, eta hainbat zuzenketa onartu direla. Escotaren berbetan, "desberdinen arteko akordioa" izan dela azaldu du.

Aurrekontuaren kontra

EH Bilduk esan duenez, gobernu taldeagaz “batera” bide bat egiteko asmoagaz bost zuzeketa aurkeztu zituen, etxebizitza, zaintza eta ingurumenagaz lotuta. Iker Urkizaren berbetan, “iazko blokeoa kentzeko prest egon gara, baina blokeo iraunkorra iraunaraztea erabaki dute, zinegotzi popularraren menpe”. Hainbat proiektu “geldituta” edo “egiteke” daudela nabarmendu du. Herriaren Eskubideako Jorge Varelak dio “murrizketen” aurrekontuak direla. “Herritarrek 900.000 euro gehiago ordainduko dituzte zerga eta tasetan, 600.000 euro murriztu da aurrekontu parte hartzaileetarako dirua eta Merkatu Plazarako aurretik zegoen proiektua baztertu dute”. 

EH Bilduren jarrera kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk. Zinegotzi sozialistaren berbetan " adarra jo" dietela sentitu dutela esan du. "Erakutsi dute ez zaizkiela euren zuzenketak ardura, uko egin die". EAJko Josune Escotaren berbetan, "jarrera antidemokratikoa eta sektarioa hartu dute, euren alderdia Durangoren gainetik jarriz. Ez zuten ezer negoziatzeko asmorik". Herriaren Eskubidea, berriz, ez duela proposamenik berretsi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!