Durangoko gobernu taldeak merkatu plaza berritzeko proiektua "baztertu" du, Herriaren Eskubideak dioenez

Anboto 2024ko aza. 18a, 15:02

Joan zen legegiltzaldiko gobernu taldeak merkatu plaza berritzeko bidea hasi zuen 2022an, baina egungo taldeak proiektu hori "baztertu du", talde independentearen esanetan.

Baserritarren merkaturako gunea, kultur ikuskizunetarako anfiteatroa, ostalaritza lokala, ikastaroak egiteko aretoa, aisialdirako gune librea eta umeentzako jolasgunea. Aurreko legegintzaldiko gobernu taldeak elementu horiekin osaturiko merkatu plaza garatzeari ekin zion 2022an. Urte hartako azaroan aurkeztu zuten elkarteekin, baserritarrekin eta hornidura merkatuko kideekin ondutako proposamena. Horrez gainera, 2023ko aurrekontuetan 265.000 euroko diru-atala gorde zuten proiektua idazteko. Alabaina, egungo gobernu taldeak "baztertu egin du" proposamen hori, Herriaren Eskubideak ohar bidez jakinarazi duenez: "Herriaren Eskubideak salatu du EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu-taldeak behin-betiko abandonatu duela 2022ko azaroan aurkeztutako Merkatu Plazarako proiektua", adierazi du talde independenteak oharrean.

Arestian aipaturiko ezaugarriez gainera, aurreproiektuak eguzki-plakak instalatzea ere jasotzen zuena azaldu du Herriaren Eskubideak. Gogoratu dutenez, proiektuaren kalitatea 2024ko Advanced Architecture Awards sariketan "aitortu zuten", finalista hautatu baitzuten "interiorismo-proiektua eta erabiltzaile-esperientzia" atalean. Talde independenteak kritikatu duenez, "EAJk eta PSE-EEk abandonatuta dituzte merkatariak eta baserritarrak. Argi dago ez zutela inoiz Merkatu Plaza hobetzeko benetako asmorik izan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!