Durangoko EH Bilduk dio gobernu taldeak bere proposamenari ezetz esan diola

Anboto 2024ko abe. 10a, 12:52

Durangoko EH Bilduk nabarmendu du gobernu taldeari "akordio integral" bat aurkeztu ziola azaroan, "aurrekontuen zuzenketetatik haratago"; PPrekin akordioa lotzearekin bateragarria ez zen akordioa. Kualizio subiranistak gaineratu du, aurrekontua onartu ahal izateko abstentzioa eskaini izan diola gobernu taldeari hasieratik.

"Gobernu taldeak aurrekontuak PPrekin adostea erabaki du, EH Bilduren proposamenari ezetz esanda". Halaxea erantzun du koalizio subiranistak, 2025eko udal aurrekonturako EAJk eta PSE-Ek Alderdi Popularrarekin adostutako akordioaren aurrean.

EH Bilduk ohar batean azaldu duenez, "aurrekontuari egindako zuzenketetatik haratago", akordio integral" bat aurkeztu zion gobernu taldeari azaroan. "Akordio horrek konpromiso argiak jasotzen zituen, hala nola, San Faustoko Auzogunearen garapena, etxebizitza hutsak alokairu babestura
bideratzeko neurriak eta zaintza eta ingurumen politiketan aurrerapausoak", zehaztu dutenez. Lan egutegi bat ere proposatu zutela gaineratu dute, "epe zehatzak eta jarraipen bilerak barne". Nabarmendu dute, akordio hori ez zela "bateragarria" PPrekin akordioa egitearekin. "Trukean, EH Bilduk aurrekontuak onartzea erraztuko zuen abstentzio bidez".

EH Bilduren esanetan, egoera horren aurrean bi aukera izan ditu gobernu taldeak: "Batetik, EH Bildurekin akordio bat egitea durangarren bizi-kalitatea hobetzeko eta etxebizitza, zaintza eta ingurumen gaietan aurrera egiteko. Bestetik, PPko zinegotzi bakarrarekin berriro akordioa egitea, blokeo politikoa luzatuz". Bi aukera horiek "kontrajarriak" eta "baterazinak" dira EH Bilduren ustez.

Kualizio subiranistaren berbetan "negoziazioak bide onean" zihoazen. "Gobernuak gure proposamenak begi onez ikusten zituen, eta gu prest geunden legegintzaldiari norabide aurrerakoi bat emateko bide bateratua hasteko. Hala ere, azken unean, gobernuak PPrekin akordioa egitea erabaki du, alderdi horretako zinegotziaren menpe jarraituz". Horren aurrean, nabarmendu dutenez, "gobernu honek aukera berri bat galdu du norabide politikoa aldatzeko eta herritarren benetako beharrei erantzuteko".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!