Durangoko gobernu taldeak PPrekin adostu ditu 2025ko udal aurrekontuak

Anboto 2024ko abe. 10a, 11:45

EAJk eta PSE-EEk aurrera aterako dute datorren urterako landutako udal aurrekontua. Alderdi Popularren "babesari" eskertu lortuko dute, "EH Bilduk bere baiezko botoarekin udal kontuak babesteari uko egin ostean". Gobernu taldeak gogoratu du kualizio subiranistak egindako "zuzenketa guztiak" onartu zituztela.

2025ean udal aurrekontua izango du Durangok. Halaxe jakinarazi du EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernu taldeak. Alderdi Popularraren babesari esker lortu da datorren urterako udal kontuak aurrera ateratzea, EH Bilduk bere baiezko botoarekin kontuak babesteari uko egin ostean, nahiz eta udal talde horrek proposatutako zuzenketa guztiak onartu zituen gobernu taldeak".  PPrekin lortutako akordioaren esker "proiektu eta zerbitzu publiko garrantzitsuak" garatzen jarraitu ahal izango dutela adierazi du gobernu taldeak.

 

PPren lau zuzenketa onartu dituzte

PPk zuzenketa egin dizkio 2025erako landutako aurrekontuari, eta gobernu taldeak horietako lau onartu ditu.  Lotutako akordioari esker, udal kontuan azken proiektuan hainbat egokitzapen sartu direla adierazi dute EAJk eta PSE-EEk; guztira, 127.000 euro lotu dituzte honako proiektu hauek garatzeko:

  • Udan igerilekuetara hurbiltzea errazteko herri autobus-zerbitzua jarriko dute martxan. Esperientzia pilotu horretarako 40.000 euro bideratuko dira.
  • Adinekoen Zentroan irisgarritasun orokorra hobetzeko eta igogailua berritzeko 67.000 euro lotu dira.
  • Udal-ondarearen kontserbazio-egoeraren aldizkako kontrola egiteko 10.000 euro bideratuko dira.
  • lokairuan hartzeko etxebizitzen parkea handitzea ahalbidetuko duten neurriak bultzatzeko 10.000 euro gordeko dituzte. Horrela, Durangaldeko familiei etxebizitza eskuratzen lagunduko zaie, bereziki gazteenei.

Abenduaren 18an, egingo du udalbatzarrak aurrekontuaren eztaibaida. Gobernu taldeak jakinarazi duenez, herriarentzat "funtsezkoak" diren proiektuetan aurrera egiten jarraitzea ahalbidetuko duen aurrekontua da landu dutena. "Besteak beste, gizarte-ongizatea, mugikortasuna, irisgarritasuna eta azpiegitura arloetan aurreikusten dira jarduerak, funtsezkoak durangarren bizi- kalitatea hobetzeko”.

“Durangoko garapen ekonomiko, sozial eta kulturala bultzatzeko lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, herritarren beharrei eta itxaropenei erantzuten dien etorkizuneko ikuspegiarekin. Aurrekontuak onartzea urrats garrantzitsua da zentzu horretan, eta gobernu taldeak elkarrizketaren eta adostasunaren aldeko apustua egiten jarraituko du datozen hilabeteetan, Durango hobetzen jarraitzeko”, nabarmendu dutenez.

EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen jarrera kritikatu du EAJk

EAJko Uri Buru Batzarrak EH Bilduren jokabidea "ulertezina" dela uste du. "EH Bilduk bere baiezko botoarekin aurrekontuak babestea baztertu zuen, eta bere proposamenak erabat jasotzen zituen akordioa alde batera utzi zuen. Jokabide hau ulertezina da eta erakusten du nahiago duela bere estrategia politikoari eutsi, herritarren interesak eta proiektuak lehenetsi beharrean". Bestalde, Herriaren Eskubideak negoziaketetan parte hatzeari "uko" egin diola azaldu Durangoko Uri Buru Batzarrak, "nahiz eta gobernu taldeak adostasuna bilatzeko irekitasuna eta prestutasuna erakutsi". Gaineratu dutenez, "Herriaren Eskubidearen jarrera ez da lagungarria izan aurrekontuak guztion artean aberasteko eta herritarren interesak lehenesteko helburuan".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!