Duela urtebete, Durangoko gazteek Kaletik Gaztetxera dinamika sortu zuten. Aurten, Durangoko jaietan, Gaztetxearen beharra aldarrikatu dute kalean. Eta gaur, Correoseko eraikin zaharra okupatu dute.
Mugimenduko kideek ohar bidez azaldu dutenez, udalagaz bildu ziren, baina azken honek “ez die gazteen beharrak asetuko dituen espazioa lortzeko bermerik eman”: “Udalak proposatutako proiektua ez dago bakarrik beraien esku, denboran luzatuko da, eta ez dio egoerak duen urgentziari erantzuten”, arrazoitu dute.
Hala ere, gazteek beren prestutasuna erakutsi dute udalarekin negoziatzeko. Horrez gain, herriko gazteei “borrokara batzeko” deia egin diete.