Durangoko Gazte Asanbladak Gaztetxea "arriskuan" dagoela ohartarazi du

Anboto 2024ko abe. 10a, 19:51

Durangoko Gaztetxean "arriskuan" dagoela ohartarazteko agerraldia egin dute Gazte Asanbladako kideek. Udalari exijitu diote negozioazio mahaiarekin jarraitzea eta asanbladako bi kideren aurkako salaketak kentzea. Durangoko Udalak Correoseko eraikin zaharraren okupazioa salatu du Ertzaintzan. Eraikina "berehala husteko" kautelazko neurriak eskatu ditu, "eraikinaren egoera larriagatik".

"Gazte Asanblada indartsu badago kalean egindako borrokagatik da". Halaxe adierazi dute Durangoko Gazte Asanbladako kideek, Gaztetxea "arriskuan" dagoela ohartarazteko egindako agerraldian. Gaztetxearen alde "borroka egitera" eta hurrengo egunetan egingo ditugu deialdietara batzera deitu dute. "Herritarren eta inguru gazte asanbladen babesa ezinbestekoa dugu egoera zaurgarri honetan". 

Durangoko Gazte Asanbladak Correoseko eraikin zaharra okupatu zuen, abenduaren 6an. Gaur, Udaltzaingoa bertaratu da, eta udalak komunikazio bideak eten dituela adierazi diote Gazte Asanbladari. "Uneoro hartu-emanetan egon gara udalagaz, eta hasiera batean gurekin batzen jarraitzeko borondatea agertu bazuten ere, asteburua eta Durangok Azoka amaituta, jarrera guztiz aldatu da", agerraldian azaldu dutenez. Asanbladako kide bat identifikatu dute eta sarbide kontrol bat jarri dute gaineratu dute. "Ez dutela inor sartzen utziko eta udalak aterarazte prozedura bide legaletik abiatzeko asmoa duela azaldu digute. Bestalde, eguerdian jakin dugu Mireia Elkoroiribe alkateak asanbladako bi kide salatu dituela Gaztetxearen proiektuaren bultzatzaileak izatea egotzita". Gazte Asanbladaren aurkako "erasoen" aurrean mobilizatzera deitu dute.

"Alde bakarreko erabakia"

Durangoko Udalak gaur jakinarazi du Correoseko eraikin zaharraren okupazioa salatu duela Ertzaintzan. Eraikina "berehala husteko" kautelazko neurriak eskatu ditu, "eraikina egoera larrian" dagoelako. "Udala hasieratik agertu da prest Durangon Gaztetxe bat sortzeko mugimendua bultzatzen duten gazteekin berba eginda irtenbide bilatzeko", ohar batean azaldu dutenez. Ildo horretan, abenduaren 2an, gazteekin batzartu zirela gogoratu dute. "Euren proiektua garatzeko gune bat izan dezaten lanean jarraitzea erabaki zen bertan. Hala ere, gazteek Correoseko eraikin zaharra okupatu dute, alde bakarreko erabakia hartuz".

Correoseko eraikina eraisteko prozesuan dagoela azaldu du udalak. "Ezin da birgaitu, eta, horregatik, ez zaio mantentze-lanik egin. Txosten teknikoaren arabera, eraikina ez dago inolako erabilerarako baimenduta, eta arriskutsua da bertara sartzen direnentzat. Arrisku larriak daude. Barandatik edota igogailuaren itxi gabeko zulotik erortzeko arriskuak, tarteko. Segurtasuna bermatzeko berehala hustu behar da eraikina". Okupazioa ez dela bidea eta elkarrizketarako deia egin du udalak.

10 gela eta areto bat

Durangok dituen "hutsuneak" betetzea eta herriko gazteen "interesen alde borrokatzea" du helburu Gaztetxeak, Gazte Asanbladak azaldu duenez. Gaineratu dute, Correosen eraikin zaharrak 10 gela zabal eta areto moduan erabili daitekeen espazio zabal bat dituela. "Alkateak esan zigun erakina eraitsiko dutela urte batzuk barru, ordenantzaz kanpo dagoelako. Bada, esan genion prest geundela espazio horri erabilera emateko, eta botatzen dutenean irtetzeko. Horretarako berme legalak eskaini genizkion. Baina, gurago du potentzial handia duen espazio bat hutsik eduki, eta hori eraldatzera datorren gazteria jazarri".

Hainbat adar

Gaztetxea hainbat adarretan banatzen den proiektua dela azaldu du Gazte Asanbladak. Aisialdia, artea, kirola, ikasketak eta lan politikoa batuz. "Ezinegon artistiko indibidualak kolektibizatuko dira eta hauen aterpe izango da. Musika sortzeko entsegu gelak, antzerki eta dantza taldeentzako gela, argazki eta marrazketa estudioa eta bertso-eskola izango ditu, bestea beste. Gainera, sorkuntza horientzako plaza bihurtuko da". Bestalde, "sarbide ekonomikoak baldintzatu gabeko" kirol eskaintza egongo da. "Gimnasioa, eta,  autodefentsa eta boxeo ikastaroak eskainiko dira. Eta, eskalada eta mendi irteerak egingo dira". Ikasgela etra errefortsu boluntarioak jarriko direla martxan esan dute, eta, hainbat alorreko mintegi eta formakuntza bideratuko direla. "Formakuntza eta lan politikorako tokia ere izango da". Gaineratu dutenez, "identitate zaurgarriak aske sentitzeko lekua" izango da, eta "irabazi kapitalistak baldintzatu gabeko proiektua" izango da.

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!