Tentsio momentuak bizi izan dira Durangoko Gaztetxearen aurrean. Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek Correosen eraikin zaharra okupatu zuten abendu hasieran, eta gaur arratsalderako hainbat ekimen prestatuta zituzten, hala nola, askotariko jolasak eta barraren irekiera. Baina gehienek ezin izan dute barrura sartu (gutxi batzuk barruan daude). Ekimenak hasi aurretik, Ertzaintzaren auto bi eta furgoneta bat hurreratu dira sarrerara. Gaztetxeko kideek esan dutenez, “sarrera kontrola” egitera bertaratu dira agenteak. Ertzaintzako iturriek ez diote ANBOTOri gertatzen dabilenaren informaziorik eman. 20:30 inguruan Ertzaintzako istiluen kontrako beste furgoneta bi heldu dira eta eraikinaren sarreran jarri dira.
Ehun bat gazte sarrera inguruan batu dira, ‘Gaztetxea defendatu’ lako leloak oihukatuz. Une batean “kargak” egon direla salatu dute Kaletik Gaztetxera dinamikako kideek sare sozialetan. “Durangar gazteak guri babesa ematera etorri direnean eta udalarekin hau geratzeko negoziatzen saiatzen genbiltzala Ertzaintzak gazte hauen kontra gogor kargatu du”, salatu dute.
“Horrelako kontrolak ilegalak dira”, salatu du Gaztetxeko kide batek eta gertatzen ari dena “udalaren erantzukizuna” dela gaineratu du. Durangoko Udalak asteon jakinarazi du Correoseko eraikin zaharraren okupazioa Ertzaintzan salatu duela.
KARGAK ETA PILOTAKADAK GAZTETXEKO ATARIAN
— Kaletik Gaztetxera (@KaletikGTX) December 14, 2024
Egiten dabiltzan sarbide komtrola ilegala dela salatzera agertu diren ehundaka gazte durangar jasartzen ari da Ertzaintza. pic.twitter.com/D5zaLjg2lp