Durangoko San Fausto jaien barruan pilota jaialdi erakargarria antolatu du Durango Pelotazale Klubak. Eskualdeko pilotari gazte bi aurrelari mitikoen bizkarzain arituko dira. Pelota Fest deitu duten jaialdia urriaren 18ko barikuan, 19:00etan, izango da, Ezkurdi pilotalekuan.
Binakako estelarrean Aingeru Bernaola mañariarrak eta Mikel Goñik bikotea osatuko dute. Promesa gaztea Oronozko beteranoaren bizkarzain arituko da. Josu Eguren atxondar gazteak ere ez du edozelako aurrelaria izango: Oinatz Bengoetxea. Leitzarrak buruz buruko txapel bi, eta, lau eta erdiko eta binakako bana irabazi zituen profesionaletan. Partidu honen aurretik nesken pilota partidu bat antolatuko dute.
Sarrerak
Sarreren salmenta martxan dago. Eguaztenero eskuratu daitezke (10 euro) Ezkurdi frontoian, 16:00-21:00 bitartean. Egunean bertan ere erosi ahalko dira frontoiko lehiatilan aforoa bete arte.