Durangoko pilota eskola, sasoi onean

Anboto 2024ko eka. 14a, 11:00

Goian, zutunik, Enaitz Uribe, Martin Larrañaga, Nerea Arriaga eta Txaber Zabala, pilota eskolako neska-mutilekin.

Azken urteetan Durangon pilotarien harrobia sortzeko egindako lanak bere emaitzak eman ditu. Aurten 97 ume eta gazte dituzte.

Nagusiak frontoian sartzeagaz batera, txikienak eurekin jolastera hurbiltzen dira. Durangoko pilota eskolaren erreferente dira eta igartzen da. Pilotakada batzuk eman eta kazetariagaz duten hitzordura joan dira. Enaitz Uribe Lejarceguik (Durango, 2008), Martin Larrañaga Garciak (Durango, 2003) eta Nerea Arriaga Alcocebak (Durango, 2007) Peter Memoriala irabazi zuten joan zen asteburuan. Gazteak izanagaitik ere, urteak daramatzate esku pilotan, hasieran jolasten eta orain jokatzen. Uribe 4 urtegaz hasi zen, Kurutziaga ikastolan, eta, ondoren, Ezkurdiko frontoian. Orain arte errugbian ere aritu da, baina orain pilotan zentratu da. Denboraldi hasiera gogorra izan zuen, eskuetan min hartuta, baina, oztopoak gaindituta, denboraldi amaiera borobila egin du. Joan zen asteburuan, Peter Memoriala eta Bizkaiko lau eta erdiko txapelketa irabazi zituen. "Poztasun handiko asteburua izan da. Peterren Memoriala berezia da, lagun artean eta etxean jokatzen delako. Eta frontoi osoko Bizkaiko txapelketako emaitza ere ona izan da, irabazi ez arren finalera heldu naizelako. Lau eta erdikoa irabazita, arantzatxoa kendu dut", esan du Uribek. 

Pilota eskolaren elkarte izaerak lan boluntarioa bultzatzen du. Horren adibide da Martin Larrañagak eskolako txikiak entrenatzen emandako denbora. Txaber Zabala entrenatzailearen laguntzaile aritu zen gaztetxoei irakasten. Larrañaga pozik dago Peter Memorialeko garaipenagaz. "Txapela irabazteak ilusioa egiten du beti. Ez naiz txapel asko irabaztekoa, baina irabazitakoak gustura jaso ditut. Zaldibarko txapelketa bat nabarmenduko nuke", esan du. 

Esku pilotaz gainera, pilota eskolak duen beste adarretariko bat nesken pala taldea da. Nerea Arriaga 9 urtegaz hasi zen palan jokatzen, lagun kuadrillagaz batera. Pala saskibaloiagaz uztartzen du, eta, memoriala irabazita, egindako ahaleginaren ordaina jaso du. "Etxean irabaztea beti da pozgarria", esan du Arriagak. Bere ibilbideko garaipenen artean badu bat oroimenean bereziki gordeta: "Orain urte bi nire lagunik onenagaz irabazi nuen liga, Irati Azkoetagaz, eta horixe izan da txapelik inportanteena", gaineratu du.

97 pilotari dituen eskola

Txaber Zabala Durangoko pilota eskolaren lemazain dabil. Ia umerik apuntatzen ez zen sasoian, lanari gogor ekin eta harrobi sendoa sortu zuen. Pilotak gaur egun Durangon bizi duen momentua urteetan egindako lanaren emaitza da. "Pilota eskolan 97 fitxa ditugu eginda. 55 bat umek parte hartzen dute txapelketetan. Horri gehitu behar zaie Kurutziaga ikastolan eta Jesuitak ikastetxean ematen ditugun saioetan parte hartzen duten umeak. "Oso momentu onean gaude. Bizkaian ume eta gazterik gehien duten hiru kluben artean egongo gara", argitu du Zabalak.

Durangaldeko pilota eskolen panorama, ostera, ez da hain ona. "Pandemia sasoitik hona, Durangaldean hainbat klub galdu da. Beste batzuek badituzte ume txikiak, baina zailtasunak dituzte federatu mailan. Horregaitik, beste herri batzuetako gazteak ere etortzen dira Durangora entrenatzera", adierazi du Zabalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!