“Txapelketa inportanteak jokatzeko gonbidapenak jasotzeak beste animo eta motibazio bat ematen dizu"

Anboto 2024ko ots. 4a, 10:30

2023a Aingeru Bernaolaren (Mañaria, 2004) urterik onena izan da. Hainbat final jokatu du; tartean, Abanca-Diario Vasco txapelketa. Gorakada egin du eta ez da oharkabean pasatu. Txapelketa inportanteak jokatzeko deitu zioten iaz, eta maila ona eman zuen. Bide beretik hasi du aurtengo denboraldia.

Iazko goiburuetariko bat Abanca-Diario Vasco txapelketa izan zenuen. Behe-behetik hasita, afizionatu mailako torneorik prestigiotsuenetarikoan finalera heldu zinen Iker Egigurenegaz. 
Ez genuen finalera heltzea espero. Behe-behetik hasita, ez geneukan inongo presiorik. Partidurik partidu joan ginen eta ondo irten zitzaigun. Gainera, aurretik Antiguoko txapelketan batera jokatuta, elkar ondo ulertu genuen Egigurenek eta biok. Finala irabaztea falta izan zitzaigun, baina oso pozik gaude eginiko lanagaz.

Garrantzitsua da bikotekideagaz kimika ona izatea. 
Bai. Antiguoko txapelketara arte elkarregaz jokatu barik geunden, eta elkarren kontra ere behin bakarrik. Ez genuen elkar ezagutzen. Eta, egia esanda, hasiera-hasieratik elkar oso ondo ulertu genuen. Gustura aritu ginen.

Eta, orokorrean, zelan joan zen iazko urtea? 
Nire urterik onena izan zela esango nuke. Errenteriako, Antiguoko eta Berriobeitiko finalak ere jokatu nituen eta Zornotzako eta Getariako jaietako txapelketak irabazi nituen. Gainera, toki nahikotxotik jaso nituen txapelketak jokatzeko gonbidapenak. 

Zer poz eman behar duen gonbidapenak heltzen direnean…
Benetan be. Begira, orain urte bi Zumaiakoa eta beste gonbidapen gutxi gehiago izan nituen. Iaz, ostera, deitu eta deitu ibili ziren. Pozgarria da. Txapelketa inportanteak jokatzeko gonbidapenak jasotzeak beste animo eta motibazio bat ematen dizu eta partidu hobeak jokatzen dituzu. 

Pilotari lez zeintzuk dira zure indarguneak eta zertan hobetu zenezake?
Indarguneen artean, aurrean tantoak amaitzeko gaitasuna aipatuko nuke, dejadekin, moztuta… Aurrelariak ez du espero horrelakorik. Beste aldean, kolpe apur bat falta zaidala esango nuke. Ez naiz oso jotzailea. Gehiago naiz pilotari segurua, tantoei eusten diena. 

Berbagai ditugun txapelketak binakakoak dira. Buruz burukoari buruz zer diostazu? Gustuko duzu?
Bai, gustuko dudan modalitatea da. Gazte mailan, urte batean Bizkaiko txapeldun geratu nintzen binaka zein buruz buru, eta lau eta erdian txapeldunordea izan nintzen. Ez da hain ohikoa atzelariei buruz buru jokatzeko deitzea, baina niri Zornotzako Master Kaiola eta Amezketako txapelketak jokatzeko deitu izan didate eta poza ematen du.

Zelakoak dira zure entrenamenduak?
Mañarian entrenatzen naiz, astean birritan gutxienez, eta gainerakoetan entrenamendu fisikoa egiten dut. Normalean pilota gozoagaz entrenatzen naiz, bakarrik aritzen naizelako. Federazioak Miribillako entrenamenduetara deitzen duenean haietara joaten naiz. Bizkaiko onenetarikoak batzen dira han: Carregal, Barturen, Bilbao, Eguren… Ondo datozkit horrelako entrenamenduak.

Aitor anaia pilotari ohia duzu. Orain ez dabil Mañariko pilota eskolan, baina lehen beragaz entrenatzen zinen. Bere falta igartzen duzu?
Bai, jakina. Orain batek irabazi, gero besteak… Pike sanoa geneukan. Niri oso ondo etorri zait beragaz entrenatzea. Horri eskerrak nabarmen egin nuen gora. 

Mañarian entrenatzen zara, baina Munitibarko pilota klubean zabiltza. Zergaitik?
Gazteagotan ez zegoen nire adineko inor Mañarian jokatzeko, eta mugitu egin behar izan nuen. Iurretara joan nintzen lehenengo. Urtebeteren ondoren, han ere bikotekide barik geratu nintzen. Munitibarren beste bat aurkitu nuen eta elkarregaz jokatzen hasi ginen. Horregaitik nabil han. 

Munitibarkoa eskola indartsua da?
Bai, une onean dagoela esango nuke, baina lehenago jende gehiago zebilen. Baina, tira, pilota mundua bera ez dago bere momenturik onenean.

Ez zara iritzi hori duen bakarra. Mundu hori barrutik ezagutzen duzula, zer aje ikusten dizkiozu afizionatu mailako pilotari?
Partidu askotan pilotarien gurasoak baino ez dira egoten harmailetan. Partiduak lau-bost lagunen aurrean bakarrik jokatzea… Lehenago jende gehiago batzen zen frontoian, beste giro bat egoten zen. Afizioa falta da. Ez dakit mundua aldatu den ala zer den, baina ez da berdina. Egia esan, aspaldian nire inguruan jendea zeozertxo gehiago entzuten dut pilotari buruz berba egiten, eta horrek asko pozten nau, baina galdu dugun hori berreskuratzeko oraindino falta dela ikusten dut. 

Zelan ikusten duzu pilota eskolen egoera? Herri txiki batzuetan estu dabiltza, eta handiagoak diren beste batzuetan, Durangon kasu, ume dezente dabiltza.
Bai, baina askok eskolaz kanpoko ekintza lez baino ez dute hartzen pilota. Denborapasa baten parekoa da. Ez dator afiziotik edo umeak barru-barrutik gura duen zeozer delako. Eta arazo hori adin batetik aurrera azaleratzen da. Pilota eta futbola aukeratu behar dutenean, futbola aukeratzen dute. Baina ez Durangon bakarrik, alde guztietan baino. Herri txikiak apur bat libratzen dira beharbada, baina haietan ere adin batetik aurrera… futbolera. Mañarian 20 bat ume dabiltza orain, eta ea ba, eurekin lan eginda urte askoan geratzen diren.

Mallabian pilota eskolak gora egin du Aitor Elordiren arrakastagaz batera.
Horrelako erreferenteak inportanteak dira. Jendeak frontoian ezagutzen du, zaletasuna pizten da…

Egunen batean beharbada zeuk erakarriko dituzu umeak Mañarira.
Horretarako profesionaletara heldu behar da lehenengo! 

Posible ikusten duzu?
Nik lanean gogor jarraituko dut eta ikusiko da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!