Lesio luze batetik bueltan, Irene Oguizak Kopako penalti erabakigarria sartu zuen atzo

Anboto 2024ko ots. 8a, 10:50

Irene Oguiza atzoko lorpena taldekideekin ospatzen. (Athletic Club)

Luzapenean zelairatu zen eta penaltien txandan berak sartu zuen Athletic finalerdietara pasatu ahal izateko gola.

Athletic Kopako finalerdietarako sailkatu zen atzo Lezaman Tenerife mendean hartuta, eta Irene Oguiza (Durango, 2000) partiduko protagonista nagusietariko bat izan zen. Bederatzi hilabeteko lesio bat gaindituta, atzo hasi zen jokatzen. Aurrelari durangarra luzapeneko bigarren zatian zelairatu zen. Arauzko 120 minutuak banako berdinketagaz amaitu ziren eta penaltien txandan erabaki zen irabazlea. Oguiza ez zegoen penaltiak jaurtitzeko bost hautatuen artean, baina txanda hori berdinketagaz amaitu zenez penalti gehiago jaurti behar izan zituzten. Bederatzigarren penaltian erabaki zen final-laurdena. Athleticeko Nanclares atezainak Teneriferen jaurtiketa geratu zuen, eta, segidan, Irene Oguizak ate barrura jaurti zuen berea.

"Nire ametsik onenetan ere ez nuen imaginatuko gaur [atzo] izan dudan eszenatokia. Zelaietatik kanpora egon naizen bederatzi hilabeteak oso gogorrak izan dira. Asko lagundu didan jendea izan dut alboan. Oso esker oneko nago", adierazi zuen partidua amaitu osteko prentsaurrekoan.

Infernutik zerura

Oguizak zorte txarra izan du lesioekin. 2020ko urtarrilean debutatu zuen Athleticen lehenengo taldeagaz. Bigarren zati osoa jokatu zuen. Handik aste bira titular aritu zen lehenengoz, eta ametsa amesgaizto bihurtu zitzaion, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuelako. Hileak eman zituen errekuperatzen. Baina durangarrak ez zuen bururik makurtu eta zelaietara bueltatu zenean zertarako gai zen erakutsi zuen. Eman zuen mailari eskerrak, klubak lehenengo taldeko fitxa egin zion. Baina patuak beste oztopo bat gordeta zuen Oguizarentzat. Iaz ebakuntza-gelatik igaro behar izan zuen berriro eskumako belauneko meniskopatia bategaitik. Bederatzi hilabete egin ditu errekuperatzen, eta beste behin ere erresilientzia ikaragarria erakutsi du. Atzo, odol hotzari eutsi zion presiorik handieneko momentuan eta berriro zerua ukitu zuen, inpernua atzean utzita.

Atzoko penaltien txanda. Irene Oguizak jaurtitakoa 1:00tik aurrera. (@AthleticClubFem)

Oguiza garaipena taldekideekin ospatzen. (@AthleticClubFem)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!