Athletic-eko jokalari Irene Oguizak belauneko lotailu gurutzatua hautsi du

Joseba Derteano 2020ko ots. 5a, 09:34

Irene Ogiza entrenamendu saio batean (Argazkia: www.athletic-club.eus)

Joan zen asteburuan bere ibilbidean lehenengoz sartu zen talde nagusiko hamaikakoan eta lesionatuta erretiratu behar izan zuen.

Orduerdian ametsa amezgaizto bihurtu zitzaion 20 urte durangarrari. 24. minutuan ordezkatu egin behar izan zuten ezker belaunean keinu txar bat sufritu ostean. Astelehenean erresonantzia magnetikoa egin zioten lesioaren nondik norakoak zehazteko eta, Athletic-en webgunean jakinarazi dutenez, "ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren haustura antzeman zaio".  Hurrengo egunetan sendagilearekin batuko da kirurgia artroskopikoaren bitartez lesioaren konponketa baloratzeko.

Oraingoa ez da belaun horrek arazoak ematen dizkion lehenengo aldia. 2016an  ebakuntza egin zioten "belaun berean eta lesio berdinagatik", Athletic-en oharraren arabera.

Oguiza Athleticen filialeko jokalaria da eta urtarrilean lehenengo taldearekin debuta egin zuen. Bigarren zati osoa jokatu zuen. Joan zen asteburuan, berriz, lehenengo bider hasieratik jokatu zuen talde nagusiarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!