“Lesioaren ostean, entrenamendu bakoitza baloratzen ikasi dut"

Joseba Derteano 2021ko ots. 19a, 09:44
Irene Ogiza eskuman, taldekide batekin gol bat ospatzen. (Argazkia: Athletic Club)

Athleticeko lehenengo taldeagaz debuta eginda, Irene Oguiza (Durango, 2000) esne-mamitan zegoen, baina zorigaiztoko lesioa heldu zen. Hala ere, Oguiza ez da burua makurtzen duen horietarikoa. Gogor lan egin du lesioa gainditu eta lehenengo taldera bueltatzeko. Orain asteburu bi, erdilari durangarrak gol bi sartu zituen Espanyolen kontrako partiduan. 

Nork esango zizun orain hile gutxi Espanyolen aurka titular aritu eta, gainera, gol bi sartuko zenituela, lehenengo taldeagaz sartzen dituzun aurrenekoak.
Benetan ere! Partidu borobila izan zen eta ilusio itzela egin zidan. Bigarren gola ospatzen genbiltzala taldekideek zoriondu egiten ninduten eta ez nekien zer erantzun. Sinistu ezinik nengoen. Amets batean nengoela sentitzen nuen.

Gola da konfiantza dosirik onena?
Dudarik barik. Urduritasuna alde batera uzten laguntzen du. Gainera, golek partidua irabazteko balio badute, askoz ere hobeto.

Iazko otsailean lesionatu eta azaroan bueltatu zinen zelaietara, Athletic B taldeagaz. Zelan gogoratzen duzu une hura?
Mallorcan izan zen. Urduri nengoen eta lehenengo partiduetan apurka-apurka erritmoa hartzea zen helburua.

Hasieratik erakutsi zenuen golerako usaimena. Gol bat Collerense taldearen kontra eta beste bi Osasunaren aurkako derbian. 
Collerenseren kontra normalean baino aurrerago jokatu nuen, erdi-punta postuan. Egia esanda, gol erraza izan zen, baloiari bultza egin besterik ez nuen egin eta.

Baina han egon beharra zegoen. 
Bai, hori bai (barreak). Osasunaren kontra buruz sartu nuen bat, eta arearen kanpotik egindako jaurtiketa bategaz bestea.

Errendimendu horrek lehenengo taldearen atea zabaldu zizun behin. Kasu honetan, 'debuta' berba ez da zehatza, baina debutari moduan sentitu zinen?
Egia esanda, bai. Pertsona urduria naiz berez, eta, gainera, pasaturikoa pasatuta, hasieran debutari moduan sentitzen nintzen. Lehenengo taldeagaz aritzea itzela da. Berdin da debuteko partidua bada edo beste edozein.

Joan gaitezen iazko otsailera. Zelan gogoratzen duzu lesioaren unea?
Coruñan gertatu zen, Deportivoren kontra jokatzen genbiltzan partiduan. Nekatuta nengoen eta pase bat ematerakoan pisu guztia ezker hankak hartu zuen. Keinu txar bat egin nuen eta segituan igarri nuen.

Izan duzu horrelako lesio larririk aurretik?
Bai. Athleticeko nire lehenengo denboraldian, 16 urtegaz, lesio berdina izan nuen: belauneko lokailu gurutzatua apurtu nuen. Aurreko esperientzia hori banuenez, Coruñan zelaitik erretiratu nintzenean, neure barruan banekien gurutzatua izan zitekeela.

Une horretara arte amets bat bizitzen zenbiltzan, asteburu bi lehenago lehenengo taldeagaz debutatu eta gero.
Bai. Hiru hilabetean lehenengo taldeagaz entrenatzen hasi nintzen, astean egun baten. Pauso hori ematea itzela izan zen niretzat. Gero, debutetik gertu nengoenean, entrenamendu guztiak talde nagusiagaz egiten nituen. Orduan hasi nintzen dena asimilatzen. Eta debuteko unea… bada, imajinatu dezakezu, ametsa errealitate bihurtu zitzaidan. Gainera, nire gurasoak hantxe egon ziren, Madrilen, nire debutean. Asko gozatu nuen. Eta, bai, lesioa heldu zenean, nire egoera guztiz aldatu zen, bat-batean.

Ebakuntza egin eta astebetera konfinamendua heldu zen. Egoera atipiko horretan, zelan bideratu zenuen errekuperazio prozesua?
Lehenengo hilean ezin nuen askorik egin. Behinena zauriak sendatzea zen eta horretara joaten nintzen Lezamara, sendaketak egitera. Hileak aurrera joan ahala, bizikletan ibiltzen hasi nintzenean, Ondarroako nire fisioterapeutarengana joaten hasi nintzen, belauneko mugikortasuna lantzeko. Neure kontura ere ariketa asko egiten nuen koadrizepsa indartzeko. Baimen bereziak nituen hori guztia egiteko.

Guztiz ahaztuta duzu lesioa?
Partiduak jokatzerakoan edo entrenamenduetan lesioa ahaztuta izaten dut. Ez dut beldurrik eta topera aritzen naiz. Baina partidu baten ostean, nekatuta nagoenean, zerbait igartzen dut, belaun ingurua apur bat minbera izaten dut. Baina une horietan baino ez da. Ez dit bestelako arazorik eragiten.

Atera daiteke positiboa den ezer esperientzia honetatik?
Bai, jakina. Lehenengo lesiotik nagusiago, eginago eta mentalki askoz ere indartsuago irten nuen. Bigarren lesiotik ere inoiz baino motibatuago eta gauzak egiteko gogoagaz irten dut. Entrenamendu bakoitza baloratzen ikasi dut.

Horrelako momentuetan, inportantea da gertuko jendearen babesa?
Lesio luze batek ezinbestean taldetik banatzen zaitu apur bat; hau da, eurak entrenatzen diren bitartean norbera erizaindegian dago. Baina ez dut kexarik. Taldekideek asko lagundu didate eta beti babestu naute. Baita nire familiak ere, batez ere lehenengo egunetan, une gatx horietan. Egia esanda, jende asko izan dut nire inguruan eta denekin esker oneko nago.

Joan da laino beltza. Eta hemendik aurrera, zer?
Lana eta lana. Entrenamendu bakoitzean topera arituko naiz eta beti ilusioz. Badakit zer den entrenamendu asko galtzea, eta orain gozatu egiten dut egun bakoitzagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!