Otamotzeneko gizarte etxea zapatuan inauguratuko dute, ospakizun eta musika artean

Anboto 2023ko urr. 23a, 16:50

Aurkezpen ekitaldia, umeentzako antzerkia, txokolatada eta kontzertua antolatu dituzte. 

"Urte askotako borroka" izan dela diote Herria Auzo Elkartekoek, "pazientzia asko" eskatu diena. Baina, azkenean, bai. "Lortu dugu", esan dute. Aramotz, Otamotzena, San Roke eta Errotaritxuena aldeko bizilagunek auzo etxe berria izango dute erabilgarri, zapatu honetatik aurrera. Eta hori ospatzeko, egitarau txiki bat antolatu dute. Eguerdian, 12:00ak puntuan, irekiera ekitaldia egingo dute aurkezpen batekin eta ate irekien jardunaldi batekin. 13:00etan trikitilariek giroturiko luntxa izango dute, eta 17:00etan, umeentzako antzerki saioa Kiro Koro taldearen eskutik. Iluntze aldera txokolatada egingo dute (18:00) eta eguna The Barrigans taldearen kontzertuagaz amaituko dute (19:00).

Auzogune berriak ia 200 metro karratuko azalera dauka. Otamotzena parkeko aldetik dauka sarrera nagusia. Bertatik, auzo etxeko tabernara sar daiteke. Gune horretan, barra, mahaiak, sukaldea eta komunak daude. Horren ondoan, korridore bat eta erabilera anitzeko gela daude, 86 metro karratukoa. Bertan umeentzako zein edadetuendako ekintzak eskaini gura dituzte. 

Lehenengoa, baina ez azkena

Otamotzenekoa da Durangoko Udalak herriko auzoetan barrena atonduriko lehenengo gizarte etxea. Baina beste proiektu batzuk ere baditu eskuartean. Horien artean daude Juan Itziar auzoko eta Murueta Torreko auzo etxeak. San Faustoko proiektua ere ez da atzean geratzen. Kapitanenan auzo etxea egiteko eskariak udaletxera ailegatu ziren duela aste gutxi, eta proiektua baztertzeko asmorik ez daukala argitu du udalak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!