Juan Itziar auzoan gizarte-etxea egiteko lanak, lehiaketa publikoan

Anboto 2023ko mar. 14a, 12:44

Durangoko Udalak lizitaziora atera ditu lokala egokitzako lanak, 78.539 euroko aurrekontuagaz. 

90eko hamarkadara arte janari-denda moduan funtzionatu zuen lokala, auzokideen erabilerarako gunea izango da laster. Durangoko Udalak lehiaketa publikora atera du Juan Itziarko auzoan "dinamika berriak sustatzeko", bileretarako eta aisialdirako erabiliko den auzo-lokala. Gunea atontzeko obrak 78.539 euroko aurrekontuagaz atera dituzte lizitaziora. Lokalak bi gune nagusi izango ditu, baina horretarako barruko trenkada, gaur egungo komunak eta zoladurak berregokitu beharko dituzte lehenik. 

Etorkizuneko auzo-etxearen lokal biak Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoak dira, baina hitzarmen bati eskerrak, Durangoko Udalak izango du horiek kudeatzeko ardura. Alde horretatik, Udalak eragile bien arteko lankidetza eskertu du. “Duela astebeteko sutearen ondoren, aurrera jarraitzen dugu Juan Itziarren bizilagunentzako gune bat eskaintzeko asmoarekin. Gobernu taldetik argi daukagu auzoei tresnak eman behar dizkiegula Durango herri gero eta dinamikoagoa izan
dadin, eta uste dugu gizarte etxe honek horretan lagun dezakeela”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!