Erkiaga eta Sorozabal dira Jai Alai League-eko lehenengo txapeldunak Durangon jokatutako finalean

Anboto 2023ko urr. 17a, 09:14

Finaleko podiuma (Argazkia: Eraman!)

Ezkurdi Jai Alai pilotalekua bete egin zen atzo finala ikusteko.

Bi belaunaldi txapel beraren azpian. Irudi hori utzi zuen atzo Jai Alai Leaguen lehen edizioko finalak. Batetik Aritz Erkiaga, dagoeneko urte luzez maila gorenean jokatzen ari dena eta erakutsi beharreko guztia erakutsita daukana. Bestetik Gorka Sorozabal. Aurtengoa bere lehen denboraldia da Euskal Herrian profesional mailan eta marka jarri du. Ligako azken fasera bigarren atzelari onena bezala sailkatuta lehenik eta Erkiagarekin titulua irabazita, ondoren.

Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekua izan da horren lekuko. Atzo arratsaldean Jai Alai League-eko finalak jokatu zituzten: Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal Ludovic Laduche eta Thibault Basque-ren kontra.

Lehenengo seta parekatua izan zen, baina bigarrenean ezinean aritu ziren Laduche eta Basque. Atzean, harkaitza baino sendoago aritu zen Sorozabal biarriztar gaztea, eta aurrean, tantua amaitzeko erraztasun itzelarekin Erkiaga. Errematean maisua da Aritz, baina ikusi egin behar da nola botatzen duen errebesez pilota. Beti atzeko hormaren beheko aldera, eta gainera baztertuta.

Partiduaren amaieran agur-omenaldia egin zioten Iñaki Goikoetxeari. Laster erretiratu egingo da eta atzo azkenekoz jokatu zuen Durangon.

Ezkurdi Jai Alaiko harmailak atzoko finalean. (Argazkia: Eraman!)

Iñaki Goikoetxeari egindako agur omenaldia. (Argazkia: Eraman!)

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!