"Ez nuen pentsatzen azken denboraldia hain borobil irtengo zitzaidanik"

Anboto 2023ko urr. 5a, 15:02

Iñaki Osa Goikoetxea gaur, Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan.

Iñaki Osa Goikoetxeak azkeneko aldiz jokatuko du Durangoko Jai Alai pilotalekuan.

Durangokoa hitzordua polita da. Jai Alai League-aren finala, zuk erretiroa hartu baino hile gutxi batzuk lehenago.
Bai. Azkenengo urtea dudan arren, onenekin borrokan jarraitzeak poztu egiten nau. Azkeneko bi urteak zelan joan diren ikusita, zeintzuetan ezin izan dudan nire jokorik onena erakutsi besoko molestia batzuengatik, ez nuen uste azken denboraldi hau hain borobil irtengo zitzaidanik. Gozatzen jarraitzea dut helburu.

Sasoian zaude.
Egia esan, bai. Aste biko geraldia izan dut eta oso ondo etorri zait atseden hartzeko. Astelehenari begira topera nago.

Imanol Lopez izango duzu atzelari. Aurten inoiz baino gehiagotan ari zara berarekin jokatzen.
Azken 20 urteetan askotan jokatu dut bere aurka hemen nahiz AEBn. Gehienetan aurkari izan dut. Pozgarria da azken partidu hauek berarekin jokatzeko aukera izatea.

Sailkapen orokorrari begiratuta faboritoak zarete.
Faborito izateari edo ez izateari ez diot garrantzia handirik ematen. Nik nire jokorik onena emateko prest egon behar dut eta Imanolek ere berea ematen badu gerra eman dezakegula uste dut.

Zer deritzozu Ezkurdi Jai Alai pilotaleku eraberrituari?
Ezagutzen dut, inaugurazioko partiduan jokatu nuen eta. Kolorea diferentea du, baina kantxa aurrekoaren antzekoa da. Ondo ezagutzen ditugu hemengo koska guztiak. Frontoiari dagokionez ez dago aitzakiarik eta ikuskizun ederra eskaini dezakegu.

Jai Lai League liga berria gorputza hartzen hasi denean, erretiroa hartzeak ez dizu penarik ematen?
Ez. Zesta gorakada momentu batean dago eta une honetan uztea polita dela uste dut. Nire ibilbidea osasuntsu eta lesiorik barik amaitzea dut helburu; hori baino txapelketa inportanteagorik ez dut sekula irabaziko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!