Zortzi zestalaririk onenek Durangon jokatuko dute Jai Alai League-eko Lauko Finala

Anboto 2023ko urr. 5a, 14:01

Txapelketako antolatzaile eta zestalariak eta Durangoko Udaleko ordezkariak gaur Ezkurdi Jai Alain.

Urriaren 9an finalerdiak jokatuko dituzte ; finala hilaren16an izango da.

Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko txapelketarik garrantzitsuenak batzen dituen Jai Alai League liga bateratuak Durangon erabakiko ditu lehenengo edizioko txapeldunak. Urriaren 9ko eta 16ko astelehenetan izango da, 19:30ean hasita. "Guretzat ohore itzela da lehen edizioko txapeldunak Durangoko Ezkurdi Jai Alain ezagutu ahal izatea", adierazi du Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak gaurko aurkezpenean. 

Liga bateratuan 24 pilotarik parte hartu dute, bost txapelketatan banatuta. Txapelketa horietan banaturiko puntuekin osatu da ligako sailkapena. Ligako lau atzelari eta aurrelaririk onenek jokatuko dute Durangoko lauko finala.

Datorren astelehenean finalerdiak jokatuko dituzte. Alde batetik, sailkapeneko liderrak laugarren sailkatuen kontra lehiatuko dira: Iñaki Osa Goikoetxea-Imanol López / Ludovic Laduche eta Thibault Basque. Goikoetxea eta López faborito argiak dira. Aurten, bikotea osatuz, Jai Alai League-aren barruko bost txapelketetatik bi irabazi dituzte: Biarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa. Bigarren finalerdia ligako bigarren eta hirugarren sailkatuen artekoa da: Aritz Erkiaga eta Gorka Sorozabal, Johan Sorozabalen eta David Minvielleren aurka.

Txapelketak beste pizgarri bat ere badu: Iñaki Osa Goikotxea kantxa batean ikusteko azken aukeretarikoa izango da, aurten erretiratu egingo da eta. Finala urriaren 16an izango da. Sarrerak www.eramanjaialai.com webgunean eskuratu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!