Ezustekoa Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan: Goikoetxea eta Lopez finaletik kanpora geratu dira

Anboto 2023ko urr. 10a, 09:20

Goikoetxea eta Lopez partidu amaieran. (Argazkia: Eraman!)

Ligako liderrek galdu egin zuten atzo Laduche-Basque bikotearen kontra. Azken hauek sailkatu dira finalera. Bigarren finalerdian Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek lortu zuten finalerako txartela.

Atzo Jai Alai League-eko finalerdiak jokatu zituzten Durangoko Ezkurdi Jai Alain. Pilotalekua bete egin zen partidu biak ikusteko. Bigarren finalerdian gutxik espero zuten ezustekoa gertatu zen. Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek, ligako aurrelari eta atzelari onenek, galdu egin zuten Ludovic Laduche eta Thibault Basque bikotearen kontra: 13-15 / 12-15. Thibault Basquek sekulako maila erakutsi zuen. Atzelari bidartarrak abiadura handiz eta oso burutsu mugitu zuen pilota. Laduchek, berriz, joko alaia erakutsi zuen aurrean eta ondo aukeratu zuen noiz arriskatu.

Beraz, atzokoa izan zen Iñaki Osa Goikoetxeak Durangon jokatu duen azken partidua; baita Lopezekin bikotea osatuz jokatu duen azken aldia ere.

Beste finalerdian Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek desenpatea behar izan zuten Johan Sorozabal eta David Minvielle kanporatzeko: 15-11, 13-15, 5-3. Laurek maila handia erakutsi zuten bertaratu zirenen gozagarri.

Astelehenean, 19:30ean, final handia jokatuko dute: Ludovic Laduche eta Thibault Basque Aritz Erkiagaren eta Gorka Sorozabalen aurka.

Harmailak bete egin ziren. (Argazkia: Eraman!)

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!