Durangoko gobernu taldeak legegintzaldiari begirako proiektu eta lan ildo nagusiak aurkeztu ditu

Anboto 2023ko ira. 25a, 11:43

Gaurko prentsaurrekoko irudia.

Legegintzaldia hasi zenetik 100 egun joan direnean, gobernu talde berriak (EAJ-PSE-EE) orain arte egindakoa laburbildu eta datozen lau urteetarako programa aurkeztu du.

Mireia Elkoroiribe alkateak orain arte egindakoa zerrendatuz hasi du prentsaurrekoa. Landako Kirolak-eko gatazka konpontzera bideratu dituzte lehenengo ahaleginak. Zerbitzuak "indartu eta hobetu" dituztela azaldu du. Langileek zazpi hilabete zirauen grebari amaiera jarri zioten joan zen astean.

Horrez gainera, hainbat batzar egin dituzte askotariko eragile, elkarte eta erakundeekin egitasmo desberdinen inguruan; hala nola,  Osasun Sailarekin Durangon dauden beharrak jakinarazteko; Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskal Trenbide Sarearekin, tren geltoki zaharreko lur-sail bat —7.000 metro karratu ingurukoa— "behin behinean" erabili ahal izateko eta  behin betiko proiektura begirako elkarrizketak "berriro martxan" jartzeko; Hainbat eragilerekin, Landako Gunea indartzeko eta bertara ekitaldi "jendetsuak" eramateko; Madalenako bizilagunekin, euren aldarrikapenak entzun, proiektua euretako moldatu eta lanak hasteko…

Legintzaldira begirako 10 ildo nagusiak

Gobernu programak hamar arlotan banatutako 100 lehentasunezko jarduera jasotzen ditu. Garapen ekonomikoari dagokionez, Durangaldeko Ekogarapen Gunearen eraikuntza erraztea, Kirolene kirol-irakaskuntzen gunea sustatzea, Eguskitzako industria-garapena bultzatzea eta enpleguaren inguruko azoka bat egitea dira lan-ildoetako batzuk. Kohesio sozialaren arloan, nagusien zentroan hobekuntzak egin gura dituzte eta "ez dute baztertzen" beste toki batera eramatea ere. Umeei begira espazio berriak egokituko dituzte, besteak beste. Etxebizitza eta hiri-eraldaketa arloan trenbide zaharreko lursaila "ahalik arinen" garatu gura dute proiektu "bideragarri" batekin. Horrez gainera, San Fauston dituzten 16 etxebizitza sozialak eskuragarri jartzeko gestioak egiten dabiltza.

Berdintasuna, balio zibiko eta eskubideen arloan, bortizkeria matxistaren unitatea osatzen dabiltza, berdintasun kontseilua indartuko dute eta terrorismoaren biktimen oroigarriak duinduko dituzte, besteak beste. Merkataritza eta turismoa da bosgarren atala. Bertan, komertzioaren egoera erreala jakiteko eta neurri "efikazak" hartzeko komertzioen zentsoa egingo dute, merkatu plaza dinamizatuko dute eta erabilera turistikoa duen karabanen aparkalekua proposatuko dute. Seigarren arloak, Jasangarritasuna eta mugikortasuna deiturikoak, "pisu handia" izango duela diote eta 14 proiektuk osatzen dute: trenbidearen trazatua berdegune bihurtzea, bidegorri sarea handitzea, airearen kalitatea hobetzea…

Identitatea, kultura eta euskara atalean durangar sentimendua eta nortasuna indartu gura dituzte hainbat ekintzaren bidez. Euskararen arloan, kaleko erabilera areagotu gura dute. Kirola eta osasuna izeneko arloan, Tabirako kiroldegia "hobetu eta handitu" gura dute. Igerilekuko aldagelak "lehentasuna" izango dira eta futbol zelai berri baten beharra ikusten dute. Segurtasun, garbiketa eta konbibentzia arloan udaltzainen presentzia "handitu" gura dute eta pausoak eman gura dituzte "hurbileko polizia eredu baterantz". Azkenik, gobernu ireki eta garden baten alde lan egingo dutela azaldu udte, hala nola, udaletxera bisita gidatuak antolatuz, bertan egiten den lana ezagutara emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!