Durangoko EAJk eta PSE-EEk "aniztasunean oinarritutako" gobernu akordioa sinatu dute

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 27a, 13:53

Mireia Elkoroiribek eta Jesica Ruizek eguerdi honetan sinatu dute ituna. Garatu gura dituzten lan-ildoetako batzuk Gaitasun Handiko Osasun Zentroa, Trenbideko PERI, Eguzkitzako industrialdea eta Merkatu plaza dira.

Durangoko gobernu talde berria martxan dago jada. Gaur bertan legealdi berriari begirako gobernu akordioa sinatu dute EAJk eta PSE-EEk. Alderdi biek gutxiengoan gobernatuko dute datozen lau urteetan, baina Mireia Elkoroiribe alkateak aurreratu du "ahalik eta adostasunik zabalena" lortzen ahaleginduko direla oposizioko gainerako alderdiekin. "Ateak zabalik" dituztela adierazi du. Zentzu horretan, "aniztasuna, lankidetza eta adostasuna" oinarri dituen gobernu akordioa sinatu dute. 

Jeltzaleek eta sozialistek sei puntutan batu dituzte aurrerantzean landu gura dituzten proiektuak. Atal bakoitzen zein jarduera gauzatu gura duten ere iragarri dute. Euretako batzuk honako hauek dira:

  1. Ekonomia, enplegua eta gizarte kohesioa: Eguzkitzako industrialdea garatzea, Durangaldeko Ekogarapen Gunearen eraikuntza erraztea, enplegu azoka bat sortzea eta Landako Gunea azoken zirkuituan sartzea.
  2. Zerbitzu publikoak: Osasun Sailarekin lankidetzan aritzea herriko osasun zerbitzuak hobetzeko, Lehen Arretan eta anbulantzia medikalizatuan arreta ipinita. Gaitasun Handiko Osasun Zentroa eraikitzeko erraztasunak ematea. Durango Kirolaken "kalitatea lehengoratzea".
  3. Gizarte politikak: gura bako bakardadeari aurre egitea, Andraguneko zerbitzuak indartzea, ume eta nerabeentzako ekipamenduak hobetzea eta kultur eskaintza dibertsifikatzen jarraitzea.
  4. Hirigintza: Trenbideko lurrak berreskuratzea, babes publikoko etxebizitzak eta Gaitasun Handiko Osasun Zentroa erraztuta, etxebizitza hutsak merkaturatzea eta Hiri Antolamendurako Plan Orokor berria egitea.
  5. Gardentasuna: agintaldiko lehen 100 egunetan gobernu programa aurkeztea; herritarren parte hartzea bultzatzea.
  6. Proiektu estrategikoak lehenestea: Trenbideko PERIa, Gaitasun Handiko Osasun Zentroa, Merkatu plaza, Ekogarapen Gunea, Adinekoentzako zentroa eta Eguzkitzako industrialdea.

PERI Trenbideko epaia

Joan zen astean Euskadiko Auzitegi Nagusiak epai bat kaleratu zuen PERI Trenbidearen Urbanizazio programa "legez kanpokoa" zela adierazten. Horrek etorkizuneko proiektuei zelan eragingo dien ikusteke dago. Elkoroiribek, momentuz, epaia "juridikoki aztertzen" dabiltzala jakinarazi du. "Alde guztiekin jesarriko gara. Hurrengo pausoa ondo egin gura dugu. Euskal Trenbide Sarearekin, Jaurlaritzarekin eta alderdi politikoekin batzartu gura dugu hurrengo pausoa emateko" esan du. 60.000 metro karratuko espazio hori "Durangorako aukerarik onena" da, Elkoroiriberen iritziz. "Legeak baimentzen duen markoaren barruan eremu hori guztia errekuperatu" gura dute, "durangarren beharrizanei erantzungo dien proiektua" egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!