Durangoko Kirol Zerbitzuko langileek asanblean onetsi dute udalaren azken proposamena. Hori dela eta, zazpi hilabeteko grebaren ondoren, urriaren lehenean itzuliko dira lanera, zerbitzuak ohiko legez eskaintzeko, ELA sindikatuak ohar batean informatu duenez.
20 bat langilek osatzen dute kiroldegiko plantilla, eta orain zazpi hilabete, euren lan baldintzak "okertzen" zituen lizitazioaren berri izan zuten, oharrak jasotzen duenez. "Esaterako, lan orduak murriztu nahi ziren, subrogazioa ez zen plantilla osorako bermatzen, zerbitzuak hiru enpresen esku uzten ziren, zerbitzua gutxi eta okertu egiten zen..." Horren aurrean, grebara jotzea erabaki zuten.
Geroztik hainbat bilera egin dira, eta azkenean, udalaren ikasturte berriko proposamenak langileen aldarrietako "asko" jaso ditu. Hala nola, lortu da fitness aretoko monitoreen laguntza zerbitzua une oro berrezartzea, baita jende gehien dabiltzan orduetarako errefortzu bat izatea ere. Gainera, mantentze prebentiboa bermatuko da, makineria zaintzeko eta konpontzeko. Honako honi ere "garrantzia handia" ematen diote: "Zuzendutako jardueren ordu kopurua handituko da, eta jarduera bakoitzerako ikasle ratio egokia kontuan hartuko da. Era berean, hilero batzorde bat sortuko da zerbitzuaren funtzionamendu egokia ikuskatzeko, eta bertan inplikatutako alderdi guztiek beharrezko balorazioak egingo dituzte, hala izan dadin".
Langileek herritarren elkartasuna "eskertu" dute. ELAk espero du "egungo eta etorkizuneko kirol-zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko konpromiso politikoa betetzea; izan ere, langileen lan baldintzak gakoa dira kalitatezko zerbitzua eskaintzeko".