Tourra Durangaldean

[IBILBIDEA] Tourrak Durangoko Fray Juan Zumarraga, Landako, Olleria eta Faustebidea kaleak zeharkatuko ditu

Ekaitz Herrera 2023ko eka. 8a, 15:22

Gorriz markatuta Tourraren ibilbidea Durango barruan.

Tourreko hirugarren etapa Zornotzan hasi eta Baionan amaituko da uztailaren 3an. Txirrindulariek Iurretako, Durangoko eta Traña-Matienako herriguneak zeharkatuko dituzte. Durangoko kasuan, kale mozketak egongo dira lehenengo ordutik. Aparkaleku publiko bi ezingo dira erabili. Garraio publikoak aldaketak izango ditu.

Aurreikuspenen arabera, lasterketa 13:22etan sartuko da Durangon, Iurretako Maspe kaletik. Ondoren, Landako Etorbidea, Olleria kalea eta Faustebide kalea zeharkatuko ditu, handik Traña-Matienara joateko. Lasterketa baino lehen igaro ohi den publizitate karabana, baina, bi ordu lehenago sartuko da eskualdeko herriburuan. 11:22an. Zirkulazio eraginik nabarmenenak txirrindulariek zeharkatuko dituzten kaleetan igarriko dira. Hori dela eta, antolatzaileek eta agintariek autorik ez hartzea gomendatu dute, "trafiko etenak zorrotzak" izango direlako udalerri osoan. Alternatiba modura garraio publikoa erabiltzera deitu dute. 

Mozketak trafikoan eta aparkaleku publikoetan

  • Uztailaren 3an, trafikoa goitik behera moztuko da lasterketak igaroko dituen Fray Juan Zumarraga, Landako, Olleria eta Faustebide kaleetan. Mozketa horiek goizeko 09:00etatik 14:30etara arte (azken hau gutxi gorabehera) egongo dira indarrean,
  • Aparkaleku publiko bi (TADUkoa eta Landako Gunearen azpikoa) eta lasterketak igarotzen dituen kaleetako garaje partikularrak ez dira erabilgarri egongo.
  • Txibitena auzoa zarratu egingo dute uztailaren 3an, 9:00etatik aurrera. Ezingo da ez bertara sartu, ez bertatik irten.
  • Muruetatorre auzoko bideak noranzkoa aldatuko du, N-634 errepidera irten ahal izateko.
  • Ibilbidera daramaten inguruko kaleen zirkulazioa zarratzea aurreikusi dute. Bilborantz edo Donostiarantz joateko autopista erabilgarri egongo da Iurretako peajean eta Atxondoko saihesbidean.

Autoak erretiratzea, ekainaren 26tik aurrera

  • Antolatzaileek azaldu dutenez, debekatuta egongo da adierazitako ibilbide osoan autoak aparkatuta egotea. Horrek noranzko biei eragingo die.
  • Debeku hori ekainaren 26tik uztailaren 3ra arte egongo da indarrean. Era berean, debekatuta egongo da Gasteiz Bidean aparkatzea (biribilgunearen eta Gran Hotelaren artean), ekainaren 26tik uztailaren 3ra. Frantziako Tourreko antolakuntza eta azpiegituretako ibilgailuak egongo dira neurri horretatik salbuetsita. 

TAO zerbitzua

  • Aparkaleku alternatiboak eskaintzeko helburuarekin, TAO zerbitzua eten egingo da ekainaren 29tik uztailaren 3ra (biak barne).

Garraio publikoan eragina

  • Uztailaren 3an, Madalenako autobus geltokia Tabirara (Arriluzea) lekualdatuko dute. Autobus zerbitzuak bertara eramango dituzte.
  • Bilbo-Galdakaoko ospitalea-Lemoa-Durango-Ermua-Eibar ibilbidea egiten duen A-3912 linea bertan behera utziko dute Durango eta Abadiño artean. Azken hau Lemoatik joango da zuzenean autopistara.
  • EuskoTren zerbitzua indartuko dute. Egun horietan erabiltzea gomendatu dute agintariek.

Mediku hitzorduak Landakon

  • Landako anbulatorioa Tourraren ibilbide barruan dagoenez, uztailaren 3a, astelehen goizean, bertara oinez bakarrik joan ahal izango da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!