Zornotzako Udalak ohar bidez jakinarazi du, uztailaren 3an mugikortasunari loturiko hainbat moldaketa egongo dela herrian. Frantziako Tourreko hirugarren etapa bertatik hasiko dela eta, zirkulazioa eten egingo dute 06:00etatik 14:00etara honako kaleetan:
- Gudari kalea, Txiki Otaegi kaleko bidegurutzetik.
- Ibaizabal, aparkalekua barne.
- Nafarroa, aparkaleku biak barne.
- Azoka.
- Jauregibarria.
- Belatxikieta.
- Bizkargi.
- Enrike Renteria, 10. zenbakiko garajeen sarreraraino.
Era berean, logistika osoa ahalbidetzeko asmoz, beharrezkoa izango da kale horiek ibilgailurik gabe egotea. Hori dela eta, Udalak zornotzarrei eskatuko die uztailaren 1eko 22:00etatik aurrera, ibilgailuak kaleotatik erretiratzea. Tourraren ibilbideari dagokionez, uztailaren 3ko lasterketa Gure Kirolak ingurutik abiatuko da. San Migel kalera egingo du gero, handik Karmen kalea zeharkatuko du eta N-635 errepidera batuko da gero. Azkenik, errepide honetatik N-634ra irtengo dira txirrindulariak, handik Iurretarantz egiteko.
"Inoiz ez bezalako segurtasun operatiboa"
Erakundeek "inoiz ez bezalako segurtasun operatiboa" prestatuko dute, eta herritarrei eskatu diete uztailaren 1ean, 2an, eta 3an euren mugikortasuna planifikatzeko. Aurreikuspenen arabera, Ertzaintzak eta udaltzaingoek lasterketaren zirkuituko kaleak eta errepideak moztuko dituzte, gutxienez, lasterketa igaro baino lau ordu lehenago. Operatiboan honako erakunde hauek esku hartzen dute: Ertzaintza, udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, Frantziako Polizia Nazionala, Frantziako Jendarmeria eta Garde Républicaine de France motor gidariak.