Durangoko eta Durangaldeko osasun beharrizanei buruzko eztabaidak bira berri bat izan du egunotan. Eusko Jaurlaritzak Durangoko Udalari jakinarazi dio herrian ospitale bat egiteko ideiak ez duela babes nahikorik izan Osasun Saileko eta Osakidetzako arduradunen partetik. Eta horren aurrean, Durangoko EAJk duela hilabete batzuk aurkezturiko proposamena defendatu du atzera ere: Garai bateko tren geltokiko orubean Gaitasun Handiko Osasun Zentroa ipintzea, Gernika-Lumon dagoenaren parekoa. "Proiektu hori bideragarria, egingarria eta beharrezkoa" dela iritzi dio Mireia Elkoroiribe bozeramaileak. Are gehiago, "hori lortu arte" lanean jarraituko dutela iragarri dute. Mankomunitatea ere ildo beretik posizionatu da. EAJk proposaturiko proiektua jo du "beharrezkotzat" eta hura martxan ipintzea eskatu du.
Duela egun gutxi, Herriaren Eskubideak Tabiran ospitale bat egiteko ideia mahai gaineratu zuen. Jeltzaleek Gaitasun Handiko Osasun Zentroa eraikitzean egin dute azpimarra berriz. Alderdi batak zein besteak "beharrezkotzat" jo dituzte proiektuok, baina bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak kaleratu barik dauka eskualderako osasun beharrizanei buruzko diagnostikoa. Alderdiek txosten hori kaleratu barik dagoela egin dituzte proposamenak. Azken puntu hau dela eta, Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzaleak eta Mankomunitateak txostena "lehenbailehen" aurkeztea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Duela aste bi, eskualdeko Elkarrekin Podemos taldeko kideek eskari bera egin zuten.