Jaurlaritzaren arabera, "ospitalearen eraikuntzak ez du Osasun Sailaren edo Osakidetzaren babes nahikoa"

Anboto 2023ko ots. 7a, 12:06
Landakoko anbulategia.

Osasun sailak idatzi baten bidez erantzun dio Durangoko Udalak iaz onarturiko mozio bati. Erantzun honetan, "oraingoz, Durangon ospitale bat sortzeko aukerari dagokionez, gaiak ez du babesik Osasun saileko eta Osakidetzako osasun plangintzako adituen aldetik".

Iazko maiatzean, Durangoko osasun beharrizanei buruzko mozioa onartu zen EH Bilduren, Herriaren Eskubidearen eta PSEren aldeko botoekin. Durangoko Udalak urtarril honetan jaso du Eusko Jaurlaritzaren erantzuna. Azken honen arabera, "ospitalearen eraikuntzak ez du Osasun Sailaren edo Osakidetzaren babes nahikoa". Durangoko Udalak, horren aurrean, Jaurlaritzaren konpromiso falta nabarmendu du. "Durangarren osasunak axola digu, eta pediatra faltak edo lehen mailako arretaren txartzeak kezkatzen gaituzte. Osakidetzarekiko konfiantza galera nabarmena da herritarren artean, eta asko kezkatzen gaitu gai hau hauteskundeen testuinguruan kokatzeak. Herri eta eskualde oso baten osasunaz eta borrokaz ari gara, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak emandako erantzunak ikusita, zalantzan jartzen dugu durangar guztien osasun zerbitzua hobetzeko konpromisoa", salatu dute ohar batean. 

Horrez gainera, diagnostiko probak Galdakaoko Ospitalean egiteko eskaerari ere ezezkoa emateaz kexatu da udala. "Deitoratu egiten dugu Eusko Jaurlaritzak Galdakaoko proba diagnostikoak murriztu eta horiek Gernikara eraman izana, garraiobide propiorik ez duten pertsonentzako garraio zerbitzua indartu ere egin gabe". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!