"Durangaldeko osasun beharrizanei buruzko ikerketa egin barik dago, urtebete igaro den arren"

Ekaitz Herrera 2023ko urt. 24a, 11:36

Egun gutxi barru urtebete kunplituko da Eusko Jaurlaritza Durangaldeko herritarren osasun beharrizanak aztertzeko ikerketa bat egitera konprometitu zenetik. Txosten horren berririk, baina, oraingoz, ez dago. Horixe diote, behintzat, Elkarrekin Podemos koalizioko kideek: "120.000 biztanlek berehalako erantzuna behar dute". 

Talde moreak prentsaurrekoa eskaini du goiz honetan Landakoko osasun zentroaren aurrean, eta ikerketaren egoera puntu honetan dagoela azaldu du Miren Gorrotxategi bozeramaileak: "Abenduan azterketaren egoerari buruzko informazioa eskatu genuen Jaurlaritzan, eta erantzun digutena da ez dagoela azterketa horri buruzko ezer. Dirudienez, Mankomunitatearekin berba egin dute, baina hortik aurrera ez dago beste ezer", azaldu du. "Urtebete igaro den arren, ikerketa egin barik", gaineratu du. 

Gorrotxategiren iritziz, horrek zuzen-zuzenean eragiten dio eskualdeko biztanleriari. "Ikerketa hori litzateke Durangaldeak bere osasun azpiegiturak hobetzeko beharko lukeen aurrekaria. 120.000 biztanlek berehalako erantzuna behar dute Jaurlaritzaren partetik", esan du. Era berean, bozeramaileak gogora ekarri du herritarrek urteak daramatzatela "eskualdeko osasun arretari begirako zerbitzu hobeak" eskatzen. "Medikalizatutako anbulantzia bat" egotea eta "24 orduko urgentzia pediatrikoa" eskaintzea ipini ditu adibide modura. 

Iazko otsailaren 17an, Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Durangaldeko osasun beharrizanei buruzko azterketa bat egitea adostu zuten aho batez. Betebehar hura Eusko Jaurlaritzaren teilatu gainean ipini zuten. Akordioaren hasierako zatiak zioen ikerketa iaz bertan egin beharrekoa zela. Akordioak jasotzen duen beste puntu bat da ikerketa Durangaldean esku hartzen duten eragileak konsultatuta egin behar dela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!