Hamar hilabeteko obren ondoren, Durangoko Udala Ezkurdi Jai Alai pilotalekua eraberritzen amaitzen dabil eta dagoeneko erabakita dute inaugurazioaren eguna: urtarrilaren 27a, barikua. Egun horri begira, lehen mailako zesta eta pilota partiduak ekartzeko lanean
"Orain, pilota, pala eta zesta klubetako haur eta gazteek berriro gozatu ahal izango dute euren gogo eta ilusioen maila berean dagoen frontoi batez. Lan hauekin, inoiz galdu behar ez zuen distira bueltatu gura izan diogu pilotalekuari", adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak.
Askotariko lanak
Luis Pueyo arkitektoak 1952an eraikitako frontoian egindako lanak estalkia ordezkatzen eta irisgarritasuna, jolasgunea eta energia eraginkortasuna hobetzen oinarritu dira. Guztira, 1.271.826 euroko inbertsioa izan du. Lanak estalkitik hasi ziren, eta horrek eragin du inbertsiorik handiena. Izan ere, frontoiaren kokapena dela eta, estalkiak sortu ditu "konplikaziorik handienak", udaletik jakinarazi dutenez. Frontisa eta alboko pareta ere konpondu dituzte, eta joko eremua berriro asfaltatu dute, pilota eta zesta federazioak eskatzen dituen oinarrizko baldintzak betetzeko. Gainera, kontrakantxako sarea eta zorua berriztu dituzte. Energia eraginkortasuna argiztapena ordezkatuz eta indartuz hobetu dute.
Winter Series txapelketa
Frontoi eraberrituak otsaial amaieran hartuko du lehenengo txapelketa profesionala. Izan ere, ETBk iazko urte amaieran iragarri zuenez, Emakumeen Winter Series zesta-punta txapelketako partidu batzuk Durangon jokatuko dira: finalaurreko bi eta finala. Txapelketa otsailaren 27an hasiko da eta hiru aste iraungo du.