Apirilean ekin zieten frontoia berritzeko lanei, eta urte honen amaierarako dena amaituta egotea gura dute. Durangoko Udalak aurrera jarraitzen du Ezkurdiko frontoia berritzeko lanekin. Lanak "martxa onean" doazela adierazi dute agintariek goiz honetan. Frontoia berritzeko lanen atal bat hornidura energetikoari dagokio, eta udalak jakinarazi du 40 eguzki plaka ipiniko dituztela martxan, "etorkizuneko instalazioen efizientzia eta jasangarritasun energetikoa hobetzeko". Eguzki plakek 18 kilowattioko potentzia energetikoa sortuko dute, eta energia horrekin hornituko dute frontoian kontsumituko denaren %31. Eguzki plaken instalazioa egiteko, Durangoko Udalak 13.650 euroko diru laguntza jaso du Energiaren Euskal Erakundetik (EVE). Instalaziorako aurreikusitako inbertsioa 29.814 eurokoa da.
Eguzki plaken instalazioaz gainera, frontoiak efizientzia energetikoan sakontzeko bestelako proiektuak ditu. Batetik, galdara, akumulatzailea eta argiteria aldatuko dituzte, azken honetan LED teknologia instalatuta. Bestalde, klimatizazioa kudeatzeko sistema berria ezarriko dute. Lan horiek guztiek 125.620 euroko inbertsioa ekarriko dute.
“Frontoiko lanak erritmo onean doaz, eta, beraz, aurreikusten dugu obrak urte honen amaierarako eginda egongo direla. Frontoi duin bat merezi dugu, eta bere garaiko distira itzuli behar diogu. Horregatik, etorkizuneko frontoia hornitzeko energia berriztagarrien aldeko apustua egingo dugu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Jorge Varela zinegotziak.