Durangoko Udalak Ezkurdiko frontoia berritzeko lanak hasi ditu. Obrek lau ildo nagusi izango dute: teilatua aldatzea, sarbide eta irisgarritasun lanak egitea, kantxa berritzea eta efizientzia energetikoari loturiko lanak egitea. Teilatua aldatzera bideratuko da aurrekontuaren zatirik handiena. Izan ere, azken urteotan hezetasunak eta itoginek hartuta egon da frontoia, bertan aritu diren kirol kluben lana oztopatzeraino. Obra osoa ia 1.300.000 euroko aurrekontuagaz egingo dute, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiak ipinitako 488.000 euroak barneratuta. “Instalazioak egoera txarrean zeudenez, azken hamarkadan galtzen joan den distira itzuli nahi diogu pilotalekuari. Gure ustez, egoera txarrean dauden beste eraikin historiko batzuekin bezala, kirol instalazio hori berreskuratzea lehentasunezkoa da Durangorako", adierazi dute udal agintariek.