Euskal Telebistak iragarri duenez, Emakumeen Winter Series zesta-punta txapelketa Durangon jokatuko da. Ezkurdiko frontoi berrituan, hain zuzen ere. Txapelketa otsailaren 27an hasiko da eta jardunaldiak hiru astez luzatuko dira. Lau bikotek parte hartuko dute norgehiagokan. Finalaurreko bi eta finala jokatuko dira Durangon. Orain arte Gernika-Lumoko frontoian jokatu izan dira tankera honetako txapelketak. Kasu honetan baina, zesta-punta partidak Durangora lekualdatuko dituzte.
Durangoko Udalak Ezkurdiko frontoia berritzeko lanak hasi zituen udaberrian. Itoginak zirela eta, teilatua berritzeko lanetan ibili dira hilabeteotan. Horrez gainera, energia kontsumoa murrizteko argiteria lanak egin dituzte.