Durangoko Udalak eta Espainiako gobernuak 3,6 milioi euroko diru laguntza sinatu dute Aramotz berritzeko

Anboto 2022ko abe. 20a, 19:00

Ima Garrastatxu alkateak eta Raquel Sánchez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministroak akordioa sinatu dute gaur Madrilen.

Duela hilabete batzuk aurreratutakoa gaur bete da. Aramotz auzoa berritzeko diru laguntzak ofizial egin dituzte gaur, Madrilen. Ima Garrastatxu Durangoko alkatea bertan izan da, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako ministerioan. Berak eta Raquel Sánchez ministroak 3,6 milioi euroko diru laguntzak sinatu dituzte Aramotz auzoa berritzeko. Laguntzek auzoko hainbat arazo konpontzeko balioko dute. Batetik, bizilagunen etxebizitzetako fatxadak konpontzeko, isolamendu lanak egiteko zein igogailuak eraikitzeko. Esku hartze horiek 128 etxebizitzatan eta 6 lokaletan egitea dago aurreikusita. Bestetik, auzoan urbanizazio lanak egiteko aukera baliatu gura du udalak. Errekastoa desbideratzeko lanak egitea, panel akustikoak berritzea edo txirrindularientzako bidegorria ipintzea dauka aurreikusita.

3,6 milioi euroko laguntza hauek Next Generation izeneko funtsetatik datoz. Funtsok, Europar Batasunak kudeatzen ditu, bertako kide diren estatuen artean. Espainiako gobernuak Durangoko Udalari eskainiko dio funtsen zati bat. Durango izan da Espainiako estatuko beste hiru udalerrirekin batera, funtsak jaso dituen lehenengoa. Dena dela, honako hau ez da Aramotz berritzeko dagoen laguntza bakarra. Joan zen otsailean, Eusko Jaurlaritzak 1.250.000 euroko ekarpena egin zuen, auzo inguruak berritzen laguntzeko.

Erreakzioak

Ima Garrastatxu alkatearen berbetan gaurkoa "oso egun garrantzitsua" da durangarrentzat eta Aramotzeko bizilagunentzat, "hainbeste denboran zain egon ondoren laguntza horiek behingoz Durangora ailegatu direlako". Durangoko EAJk ere "txalotu" egin du akordioa. Dena dela, Mireia Elkoroiribe bozeramaileak azpimarratu du "Aramotz hirigintzatik eta energiatik lehengoratzeko proiektua 2018an hasi zela", EAJk eta PSE-EEk egindako legegintzaldian hain zuzen ere. 

Udalaren eta Espainiako gobernuaren laguntzak sinatuta, horiek Durangoko osoko bilkuran onartzea baino ez da falta. Azken orduko ezustekorik ezean, udal agintariek bihar egitekoa den plenoan onartuko dituzte laguntzok.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!