Zein puntutan dago auzoa berritzeko proiektua?
Momentu honetan, honela daude kontuak: batetik, etxebizitzak berritzeari loturiko proiektua dago. Atari guztietan igogailu bana ipintzea aurreikusita dago, eta fatxadak berritzea. Irisgarritasunari eta efizientzia energetikoari dagozkien diru laguntzak lortu ditugu, eta aurreratu digute Next Generation Funtseko diru laguntzak ere izango ditugula. Azken hauek Europatik eta Espainiako estatutik datozen laguntzak dira. Aurreko batean, Miguel De los Toyos egon zen hemen, Jaurlaritzako Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordea. Ez zigun kopuru zehatzik eman, baina baietz esan zigun, jasoko ditugula Next Generation laguntza horiek. Bere berba dugu. Laguntza horiekin guztiekin, auzotarron etxebizitzak birgaitzeko aurrekontuaren erdia finantzatu ahalko genuke. Gero, beste kontu bat dago eta hori Durangoko Udalari dagokio. Udalak auzo inguruak urbanizatzeko proiektua du esku artean. Auzo barruko kanala berbideratu eta errekan moldaketak egingo ditu, besteak beste. Aramotz berritzeko proiektua orain egiten ez bada, ez da egingo. Degradaturiko auzoa are eta degradatuagoa izango da.
Hau da, proiektua orain egiten ez bada, tren horrek aurrera egingo duela, Aramotzen gelditu barik.
Hori da. Orain finantziazio sistema pentsatzen ari gara auzotarron artean. Hemengo auzokide askok ezin du 20.000 edo 25.000 euro kolpetik ordaindu, ezta diru laguntzak izanda ere. 80 urte dituen bizilaguna zelan joango da bankura kreditua eskatzera? Diru laguntzak, komunitatearen dirua,... hori guztia aztertu gura dugu apurka-apurka. Puntu horretan gaude.
Noiz hasiko dira lanak?
Joan zen astean udalagaz batu ginen. Makina hondeatzaileak sanfaustoetarako martxan egongo direla esan ziguten. Urrirako hasi gura dituzte lanak.
Zelakoa da Aramotzeko auzo bizitza gaur egun?
Ona. Aramotz beti izan da bizi handiko auzoa. Jaietan, gauzak antolatzeko orduan, beti egon da mugimendua. Orain, gainera, jende berria etorri da auzora. Gazte jendea asko, etxebizitzak merkeak dira eta. Elkartean gaudenok geuk gura dugulako gabiltza lanean. Auzo bizitzari dagokionez, osasun ona dugu.