Aramotz berritzeko proiektuak 3.665.000 euro jasoko ditu Europako funtsetatik

Anboto 2022ko eka. 23a, 11:06

Diru hori Durangoko Udalak jasoko du Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzari eskerrak, eta Aramotz Berritu proiektuan txertatuko du, auzoko urbanizazioa eta 128 etxebizitzen irisgarritasuna zein efizientzia energetikoa hobetzeko.

Durangoko udal iturriek jakinarazi dutenez, udalak 3.665.809 euroko diru laguntza jasoko du Europar Batasuneko 'Next Generation' diru funtsetatik. Diru hori Aramotz auzoa berritzeko lanetara bideratuko dute, Aramotz Berritu proiektura. Bertan ildo nagusi bi jorratuko dituzte. Batetik, auzoa berrurbanizatzeko lanak. Berdeguneak ipintzea eta erreka desbideratzea dago aurreikusita. Jarduera horiek udalak hartuko ditu beregain. Bestetik, auzoko 128 etxebizitzak eta 6 lokalak berritzeko atala dago. Irisgarritasunari eta efizientzia energetikoari loturiko jarduerak egingo dituzte. Auzotarrak izango dira lanok kudeatuko dituztenak.

Aramotz Berritu proiektuak 9.464.555 euroko aurrekontu globala du. Proiektuan auzotarrek, Durangoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzak Sailak esku hartzen dute. Hiru aldeak Durangoko udaletxean batu ziren atzo diru laguntzen xehetasunak ezagutzeko. Udal agintariak "benetan pozik" agertu dira Durango delako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien artean laguntzak jasoko dituen lehenengo udalerrietako bat. Bilbo, Lasarte-Oria eta Eibar dira besteak.

Diru laguntzak zenbakitan

Aramotz Berritu proiektuak honako diru ekarpen hauek izango ditu:

  • Durangoko Udalak inbertsio osoaren %72a kudeatuko du, Jaurlaritzatik zein Europatik jasotako 6.819.186 euro kudeatuta.
  • Kopuru horretatik 1.674.142 euro Naturan Oinarritutako Irtenbideetara bideratuko dituzte. Hau da, auzoan urbanizazio lanak egin eta elementu naturalak txertatzera.
  • Auzoko eraikinen efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzera 4.161.616 euro bideratuko dituzte. Besteak beste igogailuak ipiniko dituzte etxe atari bakoitzean.
  • Auzo bulegoa kudeatzera 410.000 euro bideratuko dute.

Auzotarrek, udal ordezkariek eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek atzo Durangoko udaletxean egindako bilera.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!