Aramotz auzoa berritzeko asmoak aurrerantz doaz apurka-apurka. Proiektuak hainbat lan-ildo barnebiltzen ditu, eta euretako bat "naturan oinarritutako" egitasmo berritzaile bat garatzea izango da. Hau da, berdeguneak eta naturguneak handitzen lagunduko duen proiektua hasiko dute, lehendik dauden espazioak egokituta eta beste batzuk lehengoratuta. Eusko Jaurlaritzak ekarpena egingo dio naturan oinarritutako egitasmo horri, 1.250.000 euroko ekarpena eginda.
Udalak jakinarazi du proiektua idatzita daukala, baina URA agentziak eta Jaurlaritzako Bide Azpiegituretako Sailak eman beharreko baimenen zain dago, obrak lehiaketa publikora kaleratu ahal izateko. Udal agintariek esan dutenez, Durangok "hormigoi gutxiago eta berdegune gehiago" behar ditu. Horregatik, "naturan oinarritutako konponbideak" lehenetsiko dituzte. Bestalde, "oso pozik" agertu dira Jaurlaritzak egindako ekarpen ekonomikoagaz, horrek "Durango berdeago baten aldeko konpromisoa" islatzen duela iritzita.
Naturan Oinarritutako Irtenbideak
Naturan Oinarritutako Irtenbideak hirigintzan erabiltzen den kontzeptu berri bat da. Bertan, ekosistemetan oinarritzen diren ekintza guztiak eta ekosistema horiek eskaintzen dituzten zerbitzuak biltzen dira gizartearen hainbat erronkari erantzuteko, hala nola klima-aldaketari edo hondamendi-arriskuari. Erakutsitako esperientzia eraldatzaileek helburu komun bat dute: natura udalerrian integratzea, klimaren aldaketek eragindako inpaktuak arintzeko mekanismo gisa. Durangoko Udalak filosofia horren baitan kokatu du Aramotz berritzeko proiektua.