[BIDEOA] Sorginola gaztetxea botatzen hasi dira

Ekaitz Herrera 2022ko aza. 3a, 13:47

Sorginolako gazteek sare sozialetan adierazi dutenez, gazteek "lanean" jarraitzen dute "berandu baino lehen"  merezi duten gaztetxea izateko". 

Goiz honetan hasi dira Sorginola gaztetxea izan zena, Fundifes lantegia izandakoaren eraikinetako bat, botatzen. Sorginolak horrenbestez, agur esango dio 2015etik martxan egondako etapa bati. Gazteak, baina, ez daude geldirik. Sare sozialetan zabaldu dutenez, "lanean" dabiltza "berandu baino lehen" Durangoko gazteek "merezi duten gaztetxea" izateko. Azpimarratu dutenez, "udalarekin bilera luzeak eta jarraituak" izan dituzten arren, "gaur gaurkoz ez dute aterabiderik aurkitzea lortu". Elkarrizketak "geldirik" daudela gaineratu dute. Eta kritikatu dute eurekin ez dela "ez Eusko Jaurlaritza ez eta gobernatzen duen EAJko ordezkari bakar bat ere" hartu emanetan ipini. 

2015etik honako bidea

Durangoko gazte talde batek Fundifes lantegiaren eraikinetako bat okupatu zuen 2015eko ekainean. Handik hilabete gutxira erabaki zuten gaztetxearen izena: Sorginola. Ordutik gutxi gorabehera aurtengo udaberrira arte, gazteek makina bat ekitaldi kultural eta kontzertu antolatu dute bertan. Baina ez hori bakarrik. Sorginola Durangoko hainbat elkarteren bilera-leku ere izan da. Adibidez, Ceiba elkarteko kideak han batu izan dira hainbat alditan. Aurtengo maiatzean, Durangoko Udalaren baimenagaz, Sorginolako gazteek Garai jauregira lekualdatu zuten materiala, behin-behinean. Alde biek hainbat batzar egin dituzte gazteentzako "alternatiba duin bat" lortze aldera.

Eusko Jaurlaritzak, Sprilur enpresa publikoaren bitartez, Fundifes lantegia hartu zuen orubea erostea eta deskontaminatzea erabaki zuen. Halantxik jakinarazi zuen iazko ekainean. Etorkizunean, Maristak ikastetxearen egoitza berria instalatu gura dute Fundifeseko orubean.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!