Durangaldeko Mankomunitateak, Maristak Durango Ikastetxearekin batera, akordio printzipio bat bultzatu du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin, Durangoko Tabirako Fundifes zaharreko lursaila berreskuratzea ahalbidetzeko, Basque Green Deal estrategiaren barruan eskualdeko prestakuntzarako eta ekonomiaren sustapenerako gune bihurtzeko.
Mankomunitatetik jakitera eman dutenez, proiektuak lankidetza publiko-pribatuko eredu bat proposatzen du. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, lursailaren erosketa eta deskontaminazioa bere gain hartuko ditu, lurzoru horiek berreskuratzeko helburuarekin, Durangaldeko lanbide eta goi mailako heziketa beharrei erantzuna emateko, eta etorkizunean ekonomiaren sustapen jasangarriaren premietara eta ekonomia berdearekin, energia berriztagarriekin edo mugikortasun jasangarriarekin, bizikletarekin erlazionatutakoak, batez ere, lotutako enpleguak sortzera bideratzeko.
“Orube hori berreskuratzea, pauso garrantzitsua da eskualdean prestakuntzarako eta aukera bikaina izan daiteke ekonomiaren sustapenerako ekosistema bat sortzeko, gure enpresen lehiakortasuna bultzatu ahal izateko. Gainera, enplegu gehiago sortuko litzateke eta Durangoko eta Durangaldeko biztanleek ongizate handiagoa izango lukete”, adierazi du Mireia Elkoroiribe Mankomunitateko presidenteak.
Bestalde, Dani Irazola Maristak ikastetxeko zuzendaria pozik agertu da akordio printzipioarekin. "5 urtetan hainbat alternatiba baloratu ditugu eta, erabaki dugu bere dimentsioak, kokalekua eta erabilgarritasuna kontuan izanda, Fundifes fundizioak hartzen zuen ingurunea dela MKD- Maristak Durango berrirako egokiena", esan du Irazolak. Bestalde, Maristak ikastetxeko zuzendariak eskerrak eman dizkie proiektua gauzatzea posible egingo duten Durangaldeko Mankomunitateari, Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailari eta Durangoko Udaleko ordezkari politiko guztiei.