“Urteotan, udalak eskaini ez duen espazio bat izan da Sorginola, proiektu askoren aterpe”

Aritz Maldonado 2022ko ots. 11a, 11:30

Sorginola gaztetxearen eraikina maiatz aurretik eraitsiko dutela iragarri zuen asanbladak joan den astean; eguaztenean, elkarretaratzea egin zuten Landako Gunean, Jaurlaritzaren erabakiaren aurka eta alternatiba bat eskatzeko. Gazteen asanbladak adierazi du "Elkarrizketarako prest daudela", eta datozen asteetarako hainbat ekimen antolatzen dabiltza, baita ere.

Eguaztenean, dozenaka lagun batu ziren Landako Gunearen inguruetan egindako elkarretaratzean. Bertan, desalojoaren eta eraistearen erabakiak eragindako erreakzio soka baloratu zuten: "Argi geratu da Durangok gaztetxea behar duela. Durangoko gazteok nekaezinak gara eta lanean jarraitzeko asmoa dugu. Dei egiten diegu Durangoko gazteei ekimenetan eta asanbladetan parte hartzeko. Momentu erabakigarrian gaude eta gazte mugimendua berpizteko garaia da", gaineratu zuten. Olatz Gorritxategi, Amaia Arbeo eta Eneko Munitxa gazteak Asanbladako kideak dira.

Alternatiba bat eskatu duzue Sorginolaren proiekturako, eta elkarrizketarako prest zaudetela esan duzue. Jaso duzue erantzunik?
Amaia Arbeo: Prentsaren bitartez enteratu ginen, ekainean, Sorginola eraitsi gura zutela. Ordutik dakiguna guk geuk galdetu dugulako jakin dugu.
Olatz Gorritxategi: Eraisteko asmoa dutela jakin eta gero, udal gobernuko kideekin hartu-emanetan ipini ginen, eta proiektua zelakoa izango zen azaldu ziguten.
Eneko Munitxa: Obrak martxoan hasi eta eraikina maiatzerako botata egongo dela esan digute. Bota eta gero, lur eremua "deskontaminatzeko" asmoa dute.
A. A.: Udaleko ordezkariekin batu eta gero, zenbait aukera aztertzen dabiltzala esan digute. Elkarrizketarako borondatea erakutsi digute, baina ez digute aukera zehatzik eskaini. Gure ustez, hau aukera ona izan daiteke udalak espazio bat eskaintzeko gure proiektuagaz jarraitu dezagun.
O. G.: Prentsaren bitartez, EAJk gure proiektuari laguntzeko eskaera egin duela ere jakin dugu, gugaz zuzenean hartu-emanetan ipini ez diren arren.
E. M.: Argi ikusten dugu Durangok gaztetxe baten beharrizana duela momentu honetan. Modu batera edo bestera, espazio berri baten bila joan behar dugula uste dugu. Esan dugun moduan, gu elkarrizketarako prest gaude, eta ikusiko dugu noraino negoziatu daitekeen.

Durangok gaztetxea behar duela azpimarratu duzue.
A. A.: Sei urtean egon gara lanean, eta udalak eskaini ez duen espazio bat izan da hau, eragile askoren aterpe; poesia errezitaldiak, kontzertuak, tailerrak, denerik egin da bertan, eta jende desberdin asko etorri da, adin eta interes desberdinetakoa.
O. G.: Guztion artean proiektu hau babestea gustatuko litzaiguke, eta baita jende gehiago batzea ere, jakina.
E. M.: Inguruko gaztetxeei ere eskatu diegu babesa. Inguruko herrietan ere ikusi ditugu desalojoak, eta momentu ona da denok batzeko, beharrezkoa dugulako.

'Espekulazio jokaldia' dela ere badiozue.
A. A.: Sprilurren bitartez, diru publikoagaz eskola pribatu batentzat izango diren lurrak erosi dira, eskola hori egun dagoen lurretan etxebizitzak egiteko gero. Horren atzean zeozer dagoela iruditzen zaigu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!