Durangoko jaiak

Dena prest txapligoa bota, hiru urteko itxaronaldia eten eta jaia Durango osora zabaltzeko

Ekaitz Herrera 2022ko urr. 11a, 11:54

Durangoko jaiak gaur hasiko dira txosnaguneko txapligoagaz. Bilgune Feministako kideek botako dute, elkartearen 20. urteurrenagaz bat eginda. 20:30etan izango da. Bihar, Amparo Ereñagak eta Marisa Barrenak txupin nagusia botako dute udaletxeko balkoitik. Pantxike eta Patxikotxu batera egongo dira udal plazan.

Pantxike, Patxikotxu, elkarteak, kuadrillak, umeak, familiak, udal egitaraua, txosnetakoa,... dena. Dena dago prest. Txupina bota eta jaia herri osora zabaltzea baino ez da falta. Durangarrak zalapartarako eta jai girorako prest daude hiru urteko itxaronaldia eta gero. Jaiak arratsalde honetan bertan hasiko dira txosnagunean. Pantxikeren begiradapean, Bilgune Feministako kideak arduratuko dira txosnetako txapligoa jaurtitzeaz. Hain zuzen ere, elkarteak 20 urteko ibilbidea bete du aurten. Ainhoa Olaso Bilgune Feministako kideak eskerrak eman dizkie txosna batzordeko kideei. "Beharbada, gure ekarpenik nabarmenena erasoen kontrako lana izan da, baina horrez gainera, emakumeen presentzia oholtzan bermatzea, desorekan dagoena orekatzea eta heteroarauaren aurrean disidentzia lantzea ere izan da". Pantxikeren kalejira 20:00etan abiatuko da Santa Anatik. Handik Landako Gunearen ondora joango dira denak. Bertatik jaurtiko dute txosnetako txupina, 20:30etan. 

Bihar, berriz, txupin nagusiaren txanda izango da. Amparo Ereñagak eta Marisa Barrenak udaletxeko balkoitik botako dute txapligoa. Barrenak aurreratu du pregoian "durangar guztiak agurtzen" ahaleginduko direla, "etxekoak eta kartzeletan daudenak" ere agurtuta. "Gure aldarria erasoen kontrakoa izango da. Hasi ginenean baino askoz gehiago gara. Gora ahizpatasuna", gaineratu du. Biharkoak, baina, berritasun txiki bat ere izango du. Izan ere, Patxikotxu eta Pantxike, jaietako pertsonaia nagusiak, udal plazan egongo dira batera, lehenengo aldiz. Ima Garrastatxu alkateak adierazi duenez, "batzuentzat anekdota" bat baino ez da izango. "Baina udalarentzat ez da. Garrantzitsua da pertsonaia biak batzea. Egitarau biak, pertsonaia biak, ikur biak batuko ditugu", adierazi du Garrastatxuk.

Biharkoari San Fausto auzotik ekingo diote. Patxikotxuren jaitsiera handik hasiko da-eta. 17:00etan kuadrillen elkarretaratzea egingo dute eta udalak kamisetak banatuko ditu jaitsieran parte hartzen duten kideen artean. Gero, 18:00etan, kalejira hasiko da. San Faustotik behera eginda, Kurutzesantun egingo dute geldialdia. Bertan Pantxike eta Sugarri fanfarreako kideak batuko dira kalejirara. Handik udal plazara joango dira guztiak. Txupinazoa 19:00etan botako dute udaletxeko balkoitik.

Egitarau parte hartzailea

Julián Ríos alkateordeak azpimarratu duenez, aurtengo jaiek "inoizko egitaraurik zabalena" dute. "Jai parte hartzaileak dira, eta edukiaz gainera, balioan ipini gura dut inoizko jairik deszentralizatuenak direla. Madalena, Aramotz,... auzoetara zabalduko dugu jaia". Horrez gainera, jai batzordean parte hartu duten elkarteen lana goraipatu du Ríosek. Ane Arbeo txosnaguneko kideak ere ildo beretik egin du berba. "15 eragile daude txosna batzordean. Denek modu boluntarioan egiten dute lan. Ahalegindu gara egitarau parte hartzaile bat osatzen, emakumeen presentzia eszenatokian bermatzen. Horrez gainera, euskararen arnasgunea izango da txosnagunea", adierazi du Arbeok. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!