Durangoko jaiak

“Osasuna dugun bitartean, argi daukagu militatzen jarraituko dugula”

Anboto 2022ko urr. 7a, 13:30

Marisa Barrena Larruzeak (Zornotza, 1951) eta Amparo Ereñaga Ertzillak (Durango, 1957) jaurtiko dute txupin nagusia. Biek ala biek bizitza osoa eskaini diote Durangoko mugimendu sozialetan eragiteari. Feminismoan eta euskaran, adibidez. 

Badatoz jaiak eta txupinazoa. Zelan zaudete?
Amparo Ereñaga Ertzilla: Urduri, gogotsu eta ardura apur bategaz nago. Denerik daukat nahastuta.
Marisa Barrena Larruzea: Ni ere antzera nago. Ardura daukat, emozioa. Eta poztasuna ere bai.

Durangoko mugimendu sozialetan ibilera luzeko pertsona bi zarete. Bai udalak eta baita Jai Batzordeak ere halantxik definitu zaituztete.
A.E.E.: Saltsa guztietan ibilitakoak gara. Gure Eskun, euskal presoen aldeko mugimenduan, feminismoan, sindikatuetan...
M.B.L. Bai, saltsa guztietan ibili gara eta ibiltzen gara oraindino. Elkarrizketa hau hasi aurretik, adibidez, beste batzar bat eduki dut. Argi daukadana da osasunak lagundu bitartean jarraituko dudala militatzen. Militantzia hori gizarte parekide baten alde eta Euskal Herri euskaldun baten alde egiteko erabiltzen dut. Nire ametsa Euskal Herria parekidea eta euskalduna izatea da. 

Zuen bizitzetako zein momentutan hartu zenuten militante izatearen kontzientzia?
A.E.E.: Ni 17 urtegaz hasi nintzen feminismoan. Garai hartan, emakumeoi etxean egotea zegokigun ideia hori zegoen errotuta. Baina apurka-apurka lan mundura sartzen hasi ginen, eta ikusten genuen ez zegoela haurtzaindegirik. Horixe izan zen nire lehenengo borroka. Horretarako, eta Durangoko jaietan dirua ateratzeko, taberna muntatu genuen, Madalenako lonja batean. Sinadurak batu genituen. Azkenean, lortu genuen haurtzaindegia izatea. Hor hasi nintzen militatzen. 
M.B.L.: Ni oso gazterik hasi nintzen beharrean, 15 urtegaz, kooperatiba batean. Administrari laguntzailea nintzen. Zortzi orduko lana egin arren, emakumeok ez genuen kooperatibako bazkide egiteko aukerarik. Gure soldata gizonezkoena baino askoz ere baxuagoa zen. Eta horrek zerbait piztu zidan barruan, bueltak ematen dizkiozu kontuari. Beharbada momentu horretan ez daukazu feminista izatearen kontzientziarik, baina desoreka begi bistakoa dela ikusten duzu. Gogoan dut Simone de Beauvoiren Independentzia ekonomikoa irakurri nuela. Hori irakurtzean piztu zitzaidan bonbila. Gerora, beste gaiekiko kontzientzia hartzen duzu: emakumeen aurkako indarkeria, abortuaren gaia... beste mugarri bat 2003koa izan zen, Ofelia Hernandezen hilketa. Hortik sortu genuen Andereak. Euskararen militantziari dagokionez, antzera. Gau eskola batean hasi ginen euskara irakasten, klandestinitatean. Jesuiten ikasgelan egiten genituen klaseak. Gauzak asko hobetu dira ordutik.

Zerk ematen dizue militatzen jarraitzeko indarra?
A.E.E.: Beti dago zeozer, arazoren bat. Emakumeei dagokienez, begira zenbat arazo dagoen. Euskal presoei dagokienez ere, begira zenbat arazo dagoen. Egin bako gauza asko dago.
M.B.L.: Militantzia ez da sakrifizioa bakarrik. Militantziak laguntasun eta poztasun handia ematen du. Nire lagunik hurbilenak militantziakoak dira, arlo batekoak zein bestekoak. Sortzen den konplizitate horrek energia ematen du. Nik zahar berba aldarrikatzen dut. Zaharra izatea eta gauzak egiteko gogoa izatea garrantzitsua da. Zahar asko aspertuta eta baztertuta ikusten ditut. Nik neuk baditut indarra eta osasuna. Eta badago zeregina gizartea orekatzeko. Neurri batean, amets horiek beteko ditudan itxaropena dut.

Zelako pregoia izango da?
A.E.E.: Laburtxoa. Gure mezua erasoen kontrakoa izango da. Erasorik ez! Durangoko jaiak denontzat onak izatea ere opatuko dugu. 
M.B.L.: Txupina bota eta gero egingo dudan lehenengo gauza jendea besarkatzea izango da. Artopilak, marmitako txapelketan egongo gara, adinduen bazkarian. Kriskitin dantza taldeagaz bazkaria, mozorro eguna, erromerietan dantza egin, Zea Maysen kontzertua ikusi... Gauza asko dut buruan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!